Gizartea -

indarkeria matxista

Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon, hiru emakumeri abusuak egiteagatik

Aste Nagusian izandako bigarren eraso matxista da. Horiek atxilotzeaz gain, beste hiru gizon identifikatu dituzte. Bilboko Konpartsak elkarretaratzea egingo du arratsaldean erasoa salatzeko.

Eraso matxisten aurka atzo Bilbon egindako elkarretaratzea. EiTB
Eraso matxisten aurka atzo Bilbon egindako elkarretaratzea. EiTB
Eraso matxisten aurka atzo Bilbon egindako elkarretaratzea. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udaltzaingoak bi gizon atxilotu ditu gaur goizean, hiru emakume gazteri sexu abusuak egitea egotzita. Desobedientzia eta agintarien aurkako atentatu delitu bat ere leporatu diete, agenteei aurre egin dietelako.

Atxiloketa 06:00ak aldera egin dute, Plaza Biribilaren inguruetan, hots, erasoa izan den tokian.

Biktimen salaketen arabera, bi gizon gerturatu zaizkie Areatzako pasealekuan, keinu eta adierazpen lizunak eginez. Ondoren, hiru emakumeak Plaza Biribileko txosna batean zeudela, berriro hurbildu zaizkie, eta ukituak egin dizkiete. Gainera, bortizki erantzun dute emakumeek ezetz esan dietenean.

Ustezko bi erasotzaile horiek atxilotzeaz gain, agenteek beste hiru gizon identifikatu dituzte.

Aburto: "Erasotzaileek legea bere osotasunean bete dezatela"

Erasotzaileek "legea bere osotasunean bete dezatela eta gizartearen gaitzespena jaso dezatela" eskatu du gaur Juan Maria Aburto Bilboko alkateak.

Erasotzaileen atxiloketak egin eta gero, udaltzainen lana txalotu du Aburtok; izan ere, Bilboko alkatearen hitzetan, "erabat garrantzitsua da marra gorri hori gainditu dutenek egindakoagatik ordaindu dezatela eta erasoa zigorrik gabe gelditu ez dadila".

Ildo horretan, jaiak "errespetuz" bizi behar direla azpimarratu du Aburtok, eta erasoak salatu behar direla gaineratu du. "Udaltzainen lanari eta emakumeek jarritako salaketari esker erasotzaileak atxilotu ahal izan dituzte", esan du.

"Beste behin eskatu behar dugu, argi eta garbi, jaia beti jaia dela eta ez beste ezer. Ez beti da ez", azaldu du Aburtok.

Bigarren eraso matxista, Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Aste Nagusian jazotako bigarren eraso matxista da. Izan ere, atzo, emakume batek salatu zuen gizon batek sexu erasoa egin ziola igande goizaldean, Arriaga antzokiaren atzealdean.

Bilboko Konpartsak eraso matxisten aurkako protokoloa abian jarri eta elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako, azken eraso sexista salatzeko. Elkarretaratzea 18:00etan izango da, Arriaga Plazan. Gainera, gauerdian lapiko-protesta egingo dute txosnetan.

Udalak esan du eraso matxisten aurka antolatzen diren protesta ekitaldi guztiekin bat egingo duela, eta elkarretaratzea deitu du asteazkenerako, 13:00etan, udaletxe aurrean.

____________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilboko Aste Nagusia Bilbo Tratu txarrak Espainian Zer gertatu da gaur Bizkaian? Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Eguneko albisteak