Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Sexu erasoa salatu du emakume batek Durangon

Erasoa geltokiaren inguruetan izan zen. Andereak kolektiboak protesta deitu du ostegun honetan, 20:00etan, Andra Marin.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak ikerketa bat abiarazi du emakume batek salatutako sexu-erasoa argitzeko. Erasoa 08:00-09:00etan izan zen, aurreko igandean, Durangoko (Bizkaia) tren geltokiaren inguruetan. Emakumeak bere burua defendatzea lortu zuen eta, ondoren, salaketa aurkeztu zuen Durangoko Epaitegian.

Durangoko Udalak gertatutakoa ezagutu eta gero jakinarazi duenez, Berdintasun Sailak emakumeen aurkako indarkeriaren gaineko protokoloa abiarazi zuen astelehenean; horrenbestez, gaitzespen oharra zabaldu eta Udaleko web gune guztietan publikatuko du.

Hala, Durangoko Udalak "edonolako erasoren aurkako gaitzespen irmoa" adierazi, eta deitutako protesta guztiekin bat egingo duela adierazi du.

Herri bizkaitarreko Udaleko Berdintasun Batzordeak eta Berdintasun Kontseiluak gogor egin du ezagutu berri den eta emakumeen aurka egiten den edonolako erasoren aurka. "Kalea, gaua eta eguna pertsona guztiok gozatzeko dira, eta emakumeok beldurrik gabe ibiltzeko eskubidea daukagu", esan du.

Era berean, biktimari elkartasuna adierazi dio eta Udalak eskura dituen baliabideak eskaini dizkio.

Azkenik, Andereak elkarteak datorren ostegunerako deitutako protestarekin (20:00etan, Andra Marin) bat egiteko eskatu du, baita aurrerantzean mugimendu feministak deitzen dituenekin ere.

____________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Espainian Gaurko albisteak Bizkaia Delituak azken ordukoa Durango Eguneko albisteak