Gizartea -

Tafalla eta Puiu arteko sutea

Nafarroako sutea, egonkortuta baina ez kontrolatuta

60 suhiltzaile ari dira oraindik sua itzaltzeko lanetan. Ostegunean piztutako suak 3.800 eta 4.000 hektarea artean kiskali ditu, 30 kilometroko perimetroarekin.

Ostegunean piztutako sutea 2.700 eta 3.000 hektarea artean kaltetu ditu. Argazkia: EFE
Ostegunean piztutako sutea 2.700 eta 3.000 hektarea artean kaltetu ditu. Argazkia: EFE
Zigarro-punta batek piztu du 3.000 hektarea erre dituen sutea

1:32

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegunean Tafalla eta Puiu artean piztutako sutearen perimetroa egonkortu dute, baina haizea eta beroa tarteko oraindik ez dute garrak mendean hartzea lortu.

Nafarroako Foru Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez, Nafarroako Gobernuko suhiltzaileek eta Larrialdietarako Unitate Militarretako kideek zaintza lanak egin dituzte gauean.

Egoerak hobera egin du eta, ondorioz, ostegun arratsaldetik sua itzaltzeko lan egin duten Larrialdietarako Unitate Militarreko bi taldeetako bat erretiratu egin da. Halaber, Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak utzitako bost hegazkinak ere beren hegazkin-basera itzuli dira.

Dena den, Nafarroako Gobernuak sua itzaltzeko mobilizatutako suhiltzaile ia guztiak lanean ari dira -60 pertsona inguru- eta baita Larrialdietarako Unitate Militarreko talde bat ere. Gainera, Nafarroako Foru Gobernuaren hiru helikopterok eta Estatu espainiarrak utzitako beste hegazkin batek ur deskargak egingo dituzte goizean zehar.

Bestalde, Nafarroako Foru Gobernuko foruzainak, Gurutze Gorriko eta DYAko boluntarioak eta inguruko bizilagunak sua itzaltzeko lanetan ari dira.

Foru Gobernuko iturrien arabera, suak 3.800 eta 4.000 hektarea artean kiskali ditu, 30 kilometroko perimetroarekin. 1989az geroztik Nafarroan izandako suterik handiena izan da.

Tafalla eta Puiu artean piztutako sutearen eragilea izan daitekeen zigarro-punta aurkitu ei du Nafarroako Foruzaingoak.

Eguraldi iragarpenaren arabera, tenperatura altuak izango dira egunean zehar eta, ahul bada ere, haizeak hegotik joko du. Dena den, egunaren azken orduan haizeak iparrera egin eta indarra hartuko du eta, ondorioz, tenperaturak nabarmen egingo du behera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Suteak Gizartea bideoak Tafalla bideoak Albisteak Nafarroako Gobernua