Gizartea -

Sute larria Nafarroan

Nafarroako Gobernuak dio sutearen kontrako lanak bikain egin zirela

Suak 3.538 hektarea kiskali zituen Puiu eta Tafalla artean. Kaltetutako lur-sailen % 80 baino gehiago bere kabuz birsortuko dela esan dute adituek.

Suak 3.538 hektarea kiskali zituen Puiu eta Tafalla artean. Argazkia: EFE
Suak 3.538 hektarea kiskali zituen Puiu eta Tafalla artean. Argazkia: EFE
Suak 3.538 hektarea kiskali zituen Puiu eta Tafalla artean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak ukatu egin du Puiu eta Tafalla artean izandako sutea itzaleko lanetan “kontrolik eza” edo “kaosa” izan zela. Alderantziz, lanak “bikain” egin zirela azpimarratu du.

Hala adierazi du Maria Jose Beaumont Nafarroako Presidentzia, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia kontseilariak sutea erabat itzali eta ordu batzuk geroago eskaini duen agerraldian.

Beaumontek esan du poztekoa dela inork minik hartu ez izana, herritarrak nahiz sua itzaltzen aritu diren langile eta boluntario guztiak onik atera direlako. Hori bai, ingurumenean eragindako kalteak larriak izan direla aitortu du. Nafarroan azken urteotan izan den suterik handiena izan baita.

Nafarroako Gobernuak suteari buruzko hiru txosten aztertu ditu gaur. Alde batetik, suhiltzaileek egindako bat eta, bestetik, Foruzaingoak egindako bina dokumentu: suaren jatorriari buruzkoa eta mobilizatutako pertsona eta ibilgailuen ingurukoa.

Txosten horiek aztertuta, Foru Gobernuak ukatu egin du sua itzaltzeko lanetan nahasmenik izan zela eta dena bikain egin zela nabarmendu du.

3.500 hektarea baino gehiago, kiskalita

Suak 3.538 hektarea kiskali ditu Puiu, Garinoain, Barasoain, Añorbe, Artaxona eta Tafalla artean. Horietako 2.006,5 hektarea nekazaritza lur-sailak dira; 1.455, basoa; eta gainerako 76,5 hektareak azpiegiturak dira.

Adituek uste dute kiskalitako lur-sailen % 80 baino gehiago bere kabuz birsortuko direla, hala nola, zuhaitz hostotsuak, abariztiak eta artadiak.

Sua itzaltzeko lanetan 1.000 lagun inguru aritu dira: suhiltzaileak, basozainak, foruzainak, DYAko eta Gurutze Gorriko langileak, bizilagunak nahiz boluntarioak.

Horrez gain, hiru helikoptero, 13 ponpa-auto eta Nafarroako Gobernuaren bi makina handi erabili dituzte; baita Ingurumen Ministerioaren hiru hegazkin txiki eta bi ur-hegazkin ere.

Sutearen jatorria

Orain arteko datuen arabera, sua A-15 errepideko erdibitzailean, 54. kilometroan, piztu zen.

Antza, zigarro-punta batek eragin zuen sutea, baina Foruzaingoak ikerketarekin aurrera jarraitzen du eta ez du inolako hipotesirik baztertu.

Bestalde, irailean 8an, Nafarroako Gobernuaren ordezkaritza bat, Uxue Barkos presidentea buru dela, kaltetutako herrietako alkateekin bilduko da, egoera aztertzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan Suteak bideoak Gizartea albisteak Tafalla albisteak Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua berriak