Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Sanferminetako bi ustezko sexu-erasotzaile frantziar absolbitu dituzte

Kasuetako batean epaileak uste du bi aldeek izan dezaketela arrazoia, eta bigarrenean, epailearentzat ez dute egiaztatu erasoa izan zela.

Sexu-erasoen kontrako protesta, sanferminetan. Argazkia: Efe
Sexu-erasoen kontrako protesta, sanferminetan.
Sexu-erasoen kontrako protesta, sanferminetan. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaileak absolbitu egin ditu sexu gehiegikeriengatik sanferminetan atxilotu zituzten bi frantziar.

Epaileak uste du kasuetako batean ustezko erasotzailea zigortzeko eta absolbitzeko arrazoiak parean daudela, eta horregatik, absolbitu egin du.

Beste kasuan, defentsak froga "koherenteak" eta "sendoak" aurkeztu omen zituen, eta horregatik ez zuen errugabetasun presuntzioa urratu nahi izan.

Bi epaiketak uztailaren 27an izan ziren, eta helegitea jartzeko aukera dago oraindik. Lehenengoan Gaztelu Plazako Txoko tabernan, uztailaren 11ko goizaldean, gizon frantziar batek egindako ukimenduak epaitzen ari dira. Fiskalak urtebeteko kartzela-zigorra eskatu zuen ustezko erasotzailearen aurka.

Epailearen arabera, "ez dute egiaztatu akusatuak salatzaileari ipurdia, gerria eta aldaka ukitu ziola, baina liskarretan horien artean eraso fisikoa izan zela, bai".

Ebazpenean, epaileak salatzailearen eta horren lagun baten testigantzak jaso ditu, auzipetuaren eta horren lagunen deklarazioarekin batera, eta absoluzioa eman du biei sinesgarritasun bera ematen dielako.

Beste epaiketan fiskalak bi urteko kartzela-zigorra eskatu zuen, Labriteko Aldapan dagoen Erronkari tabernaren kanpoaldean, uztailaren 11n, 21:45ean, gizon batek ustez egin zituen sexu-gehiegikeriengatik.

Kasu honetan, epaileak ez du frogatutzat jo ikertuak "genitalak" salatzailearen gorputzari itsatsi zizkionik "sexu ekintzaren mugimenduak irudikatuz".

Emakumeak salatutakoa berretsi zuen "goitik behera eta koherentzia osoz" epaiketan, baina akusatuaren eta bere lagunen testigantzekin alderatuta, "guztiz kontraesankorrak" omen dira.

Horren harira, defentsaren diskurtsoa ere "koherentea eta sendoa" izan omen zen, eta lekuko bideo grabazioa lortu nahi izan omen zuen bertsioa egiaztatzeko. Bideoa lortu ez bazuten ere, epaileak jarrera hori baloratu nahi izan du, bideoa eskatzea "arduragabekeria" izango litzatekeelako bertan errudun dela ikusten bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea gaur Indarkeria matxista Nafarroako albisteak Delituak albisteak Epaiketak albisteak Sanferminak Eguneko albisteak