Gizartea -

Zientzia

Rosettak bere zeregina amaitu du eta 67P kometaren azalean jarri da

Orain, azken hilabeteetan bidali dituen datuak eta argazkiak ikertu behar dituzte, Eguzki Sistemaren sorrera eta bilakaera ulertzeko.

Rosetta. Argazkia: EFE
Rosetta. Argazkia: EFE
Rosettak bere zeregina amaitu du eta 67P kometaren azalean jarri da

1:34

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iragarrita zegoen moduan, Rosetta zundak bere zeregina amaitu du eta 67P Churyumov-Gerasimenko kometaren aurka talka egin du ostiral honetan. Dena den, oraindik azken hilabeteetan bidali dituen datuak eta argazkiak ikertu behar dituzte, Eguzki Sistemaren sorrera eta bilakaera ulertzen lagunduko baitute.

Prestatutako amaiera horren berri Europako Espazio Agentziak (ESA) eman du, Alemaniako Darmstadt hirian duen operazio-zentrotik. 09:19ean (Euskadin) amaitu da Rosettaren zundaren misioa, Lurrera seinalea bidaltzeari utzi dion unean.

Aurretik, ordea, 67P Churyumov-Gerasimenko kometaren azalean jarri da, orduko 3,2 kilometroko abiaduran ibili ostean. 08:39ean izan da hori, baina jaisteko operazio horretan, datuak bidaltzen jarraitu du Rosettak.

Adituen arabera, Rosettak 67P kometaren magalaren aurka egin du talka. Izotzez, harriz eta hautsez osatuta dagoen kometa bat da, 10.000 miloi tona eta 25 kilometro kubiko inguru dituena.

1969. urtean, Klim Churyumov eta Svetlana Gerasimenko ikertzaileek aurkitu zuten kometa hori.

2004ko martxoaren 2an hasi zen Rosettaren zeregina espazioan, eta 6.400 milioi kilometro egin ostean, duela bi urte heldu zen kometaren orbitara.

67P kometa Rosetta. EFE

Rosettak 67P Churyumov-Gerasimenko kometari atera zion argazki bat. Argazkia: EFE

“Ikuspuntu teknologiko batetik aztertuta, misioa izugarria izan da. Guk 2014an lortu genuen kometa baten azalean jartzea, baina ordura arte beste inork ez zuen hori lortu. Ikuspuntu zientifiko batetik ikusita, datu ugari ditugu Eguzki Sistemaren sorrera ikertzeko eta horren bilakaera ulertzeko”, adierazi du Juan Miro ESAko kideak.

Eguzki Sistemara heldu aurretik Rosettak espazioan zehar egin duen bidai horretan, Lurraren eta Marteren grabitazio-indarra erabili du aurrera egiteko, ez baita existitzen zunda bat kometa jakin bateraino zuzenean bidali dezakeen kohete edo jaurtigailurik.

Esan bezala, Rosettak kometa baten gainazala aztertzea zuen helburu. Izan ere, planetetakoa baino material primitiboagoa aurkitzea espero zuten ikertzaileek; Unibertsoaren sorkuntzari buruzko misterioak argitzen lagunduko zuketenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Gaurko azken orduko albistea Zientzia berriak Gertaera astronomikoak Kosmosa Zeruko gorputzak