Gizartea -

2016ko sariak

Hautagai ugari eta faborito argirik ez, Bakearen Nobel sarirako

Siriako 'kasko zuriak', Irango akordio nuklearra eta errefuxiatuen aldeko erakundeak dira hautagai, besteak beste.

Irango akordio nuklearraren familia-argazkia. EFE
Irango akordio nuklearraren familia-argazkia. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errefuxiatuei laguntzen dieten Greziako irletako herritarrak, Irango akordio nuklearra, Siriako 'kasko zuriak' edota hainbat ekintzaile errusiar... zerrenda luzea da, 376 izen lortzeraino. Horiexek dira, hain justu, aurtengo Bakearen Nobel sarirako hautagaiak. Faborito argirik ez dago, ordea. Irabazlea ostiral honetan iragarriko dute, Oslon.

Duela gutxira arte, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea eta FARCeko burua ageri ziren kinielen goialdean, aukera gehien omen zituzten hautagaiak ziren, antza. Baina igandeko erreferendumaren emaitzak ezerezean utzi ditu aukerak.

Hautagaien artean daude, besteak beste, Frantzisko aita santua, Denis Mukwege Kongoko medikua, Edward Snowden CIAko agente ohia, Nadia Murad Estatu Islamikoak Iraken bahitutako gaztea, Parisko klima aldaketari buruzko akordioa eta Jockin Arputham Indiako ekintzailea.

Hautagai errusiarren artean Svetlana Ganushkina (Memorial erakundekoa) eta Novaya Gazeta egunkaria daude. Aspalditik daude zerrendan Serguei Kovaliov, Lilia Shibanova, Ludmila Alexeeva, Agora gobernuz kanpoko erakundea eta Lidia Yusupova Txetxeniako abokatua.

Bahreingo Giza Eskubideen zentroko Rebiya Kadeerrek eta  Jose Raul Vera Lopez apaiz mexikarrak ere aukerak dituzte.

Europara heldutako errefuxiatuei emandako laguntzagatik, saria jaso lezakete Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak edota  Abba Mussie Zerai Agenzia Habeshia erakundeko presidenteak (Italiara heltzen diren errefuxiatuen eskubideen alde jarduten du).

ACNUR errefuxiatuentzako NBEn agentzia, Irak Body Count gobernuz kanpoko erakundea, Abu al Khair eta Raif Badawi ekintzaile saudiarabiarrak, Gene Sharp indarkeriaren kontrako AEBko ekintzailea eta armak debekatzeko nazioarteko erakundea ere ageri dira zerrendan.

Aurten inoiz baino hautagai gehiago iragarri ditu Nobelaren Norvegiako batzordeak: 376, horietatik 228 gizabanakoak dira, eta 148 erakundeak.

 

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nobel sariak albisteak Gizartea bideoak