Gizartea -

Sarasate Pasealekuan

Hiru lagun atxilotu dituzte Iruñean, okupatutako eraikin bat hustean

hIREKIn kolektiboak okupatu du eraikina, "indarrean dagoen etxebizitza-merkantzia eredua" salatzeko asmoz.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru lagun atxilotu dituzte larunbat arratsalde honetan Iruñean, eta zazpi udaltzain arin zauritu dira, Sarasate Pasealekuan kokatutako eraikin bat hustean, Iruñeko Udaltzaingoak jakinarazi duenez.

hIREKIn kolektiboak kale horretako 13. zenbakiko eraikina okupatu du, "indarrean dagoen etxebizitza-merkantzia eredua" salatzeko asmoz. Eraikina hutsik zegoen.

Gazteak sartu direnean, eraikina husteari ekin dio Udaltzaingoak, 14:30ak aldera. Hainbat patruila Sarasate Pasealekuan sartu dira, eta kalea itxi egin dute. Poliziaren arabera, eraikinaren barruan zeuden lagunek aurre egin diete, eta eraikina husteko, azkenean, hiru lagun atxilotu dituzte. Gainera, zazpi udaltzain arin zauritu dira.

hIREKIn kolektiboak ohar baten bidez azaldu duenez, eraikina okupatu du "etxebizitza bezala erabili ahal izateko". "Egungo sistemak lagunen aurkako indarkeria erabiltzen du, etxebizitzaren bitartez", adierazi du kolektibo horrek, "eta horren aurrean, ez dugu jabetza pribatuaren agindua bete nahi, eta okupazioaren zilegitasuna aldarrikatzen dugu".

Atentatu delitua

Iruñako Instrukzioko 2. Epaitegiak aske utzi ditu larunbatean atxilotutako hiru lagunak baina, agintaritzaren aurkako atentatua egitea leporatzen die.

Atxilotutako biri gainera, ondasun higiezinen usurpazio delitua ere egotzi die. Modu berean, Iruñeko Udaltzaingoari okupazioan parte hartu duten beste pertsona batzuen identifikazio lanetan jarraitzeko agindu du epaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko bideoak Albisteak Nafarroa Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea