Gizartea -

Epaia

Emakume bat zigortu dute Errenterian, 8 urteko semea jotzeagatik

Emakumeak 57 egunez komunitatearen aldeko lanak egin beharko ditu eta, gainera, hilabetean ezingo du haurrarengana gerturatu.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume bat 57 egunez komunitatearen aldeko lanak egitera zigortu dute, haren 8 urteko semea jotzeagatik. Erasoaren ondotik, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartu zuen haurraren tutoretza.

Epaiaren arabera, erasoa 2015eko martxoan gertatu zen ama eta semea bizi ziren Errenteriako etxean. Emakumeak gerriko batekin buruan jo zuen semea eta, ondorioz, hiruzpalau zentimetroko zauria egin zion buru azalean.

Ebazpen judizialak zehazten duenez, zauria ez zen itxi 21 egun igaro arte, baina haurrak ez zuen eguneroko zereginak egiteko eragozpenik izan eta ez zuen ondoriorik jasan.

Dokumentuaren arabera, haurra osasun zentro batean artatu zuten eta bertako pediatria zerbitzuak mediku parte bat eman zuen, hain zuzen ere, amaren kontrako auzibide judiziala hastea ahalbidetu zuena.

Gertaera horiek tarteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak haurra "behin behineko babesgabetasun" egoeran zegoela ebatzi zuen eta, beraz, haurraren tutoretza bera gain hartzeko proposamena egin zuen.

Epaiketan amak haurrari eraso egin ziola aitortu zuen, baina egun horretan ikastetxeko "kexak" jaso zituela eta gainera egun hartan haurrak dirua kendu ziola arrazoitu zuen. Dena den, haurra jotzen zuen lehen aldia zela azpimarratu zuen. Bestalde, haurrak ziurtatu zuen amak jo egin zuela, baina "hirutan" bakarrik egin izan zuela eta ama asko haserretzean bakarrik gertatzen zela gaineratu zuen.

Epaileak 57 egunez komunitatearen aldeko lanak egitera zigortu du emakumea. Gainera, hilabetean ezingo du haurrarengana gerturatu.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Epaiketak bideoak Gizartea Errenteria albisteak Gaurko azken orduko albistea