Gizartea -

HEZKUNTZA

Mobilizazio jendetsuak Hego Euskal Herrian, LOMCEren aurka

Hego Euskal Herrian ELA, Steilas, UGT eta CCOO sindikatuek deitu dituzte protestak, eta EHIGEk bat egin du. Ikastolen Elkarteak, LABek eta Kristau Eskolak, berriz, ez dute parte hartu protestetan.

Lomce
Lomce
LOMCE eta Heziberri programaren aurkako mobilizazioak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LOMCE eta Heziberri planen kontrako mobilizazio eguna dago deituta gaur Hego Euskal Herrian eta Estatuan. ELA, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute protesta Hego Euskal Herrian, baina ez dute deialdi bateratua egin. Mobilizazio jendetsuak egin dituzte goizean irakasleek, ikasleek eta gurasoek.  Arratsaldean manifestazioak egin dira, 18:00etan abiatuta, hiriburuetan.

ELAk eta Steilasek batetik eta CCOO eta UGT sindikatuek bestetik egin dituzte protestak. ELAko Alain Garciak azaldu duenez, gaurko mobilizazioen helburua Euskal Herriarentzat hezkuntza sistema propioa aldarrikatzea da, LOMCE bezalako legeei aurre egingo diona. Gaineratu duenez, Eusko Jaurlaritza eta Foru Gobernua LOMCE aplikatzen ari dira eta, bere esanetan, horren adibide dira bai EAEn eta baita Nafarroan ere egingo diren errebalidak. "Izan ere, Heziberrik errebalidak egitea aurreikusten du DBHko eta Batxilergoko tituluak eskuratzeko, beste izen batekin baina antzerako azterketak izango direnak", azpimarratu du.

Garciaren hitzetan, planto egin behar da murrizketen aurrean. Are gehiago, hezkuntza eredu propioa aldarrikatu du: euskalduna, solidarioa, demokratikoa eta parte hartzailea.

Bestalde, Steilaseko Ana Perezek Gobernu espainiarrari eta Eusko Jaurlaritzari ohartarazi die ez direla ikasgela barruan geldituko eta kalera aterako direla era guztietako baliabideak eskatzeko, izan ekonomikoak edo giza baliabideei dagozkienak. Hezkuntzan behin-behinekotasuna % 35ekoa dela adierazi ostean, proportzio hori ia sostengaezina dela salatu du.

Cristina Uriarte jarduneko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak sindikatuen kritikei erantzun die eta gezurretan aritzea leporatu die. Haren esanetan, Heziberri planak ez du LOMCErekin zerikusirik. Halaber, hezkuntza sistema propioa defendatzeko egunerokoan normaltasunez lan egitearen alde egin du.

EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteak bat egin du deialdiekin.

Ikastolen Elkartea, Kristau Eskola eta LAB sindikatua ez dira batu mobilizazio horietara. LABen iritzian, "Estatuko logikatik" egindako deialdi bat da.

Lanuzteak eta manifestazioak

UGTk eta CCOOk 08:00etatik 09:00etara egin dituzte lanuzteak eskoletan, eta 18:00etarako manifestazioak deitu dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen. UGTk salatu duenez, azken urteotan euskal hezkuntza pairatzen ari den erasoa jasanezina da.

ELAk eta Steilasek, berriz, elkarretaratzea egin dute 09:30ean Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren atarian. Elkarretaratzeak eta manifestazioak ere egin dituzte, batean eta bestean.

Alderdi politikoak

Elkarrekin Ahal Duguk babesa eman die mobilizazioak deitu dituzten sindikatuei, eta LOMCEren kontra protesta egiteko dei egin die herritarrei. Alderdi horren hitzetan, Heziberrik LOMCEren proposamen berberak jasotzen ditu.

Ezker Anitza-IUk ere bat egin du deialdiarekin, eta LOMCE bertan behera uzteko eskatu du. Ildo berean mintzatu da Alternatiba ere, eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatu du EAErako.

Estatua

Ikasleen Sindikatuak eta CEAPA Ikasleen Guraso Elkarteen Espainiako Konfederazioak deitu dituzte Estatuko protestak. LOMCE bera eta horrekin batera etorriko diren errebalidak bertan behera uzteko eskatu dute elkarretaratzeen eta manifestazioen bidez dozenaka hiriburutan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Donostia Hezkuntza legea berriak Iruñeko bideoak Nafarroako albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak Albisteak Gaur Gasteiz albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Azken ordukoa protestak