Gizartea -

Jarrera aldaketa

Kirol-instalazioetan alkohola baimentzea erabaki du Jaurlaritzak

Zehaztu duenez, kirol-emanaldiek irauten duten bitartean ezin da alkohola saldu, bai, ordea, ordu-laurden lehenago eta geroago.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzera egin du Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Legearen edukian, eta kirol-instalazioetan alkohola saltzea eta banatzea baimendu du, hori egiteko tartea mugatu badu ere. Hala, alkohola ezingo da saldu lehiak irauten duen bitartean, baina baimenduta egongo da partida hasi baino 15 minutu lehenago, eta hura bukatuta, denbora tarte bera itxaronda.

Aldaketa horrek zuzenean eragiten die San Mameseko VIP eserlekuei, futbol-zelaietako tabernei, frontoiei, eta zezen-plazei. Legea onartu zenetik, apiriletik, debekatuta zuten edari alkoholdunak saltzea. Dena dela, alkoholak galarazita jarraituko du estadioetako harmailetan eta enparauetan.

El Correo egunkariak Miren Dorronsoro Eusko Jaurlaritzako Adikzio eta Osasun Publikoko zuzendariak Josu Urrutia Athleticeko presidenteari eta kirol-federazioei bidalitako gutun bana kaleratu du asteazken honetan. Idatzietan agerian geratzen denez, alkohola saltzeko eta banatzeko debekua lehiak jokoan dirauen artean dago indarrean, baita ordu-laurden lehenago eta geroago ere. Legeak jasotakoa leundu du, horrenbestez, Jaurlaritzak.

Athleticek berak VIP eserlekuetan alkohola saltzen jarraitzen zuen, legea "lausoa" zela iritzita. Argudioa ontzat eman du Dorronsorok, eta araudia garatzeko dekretua onartu bitartean, alkohola baimendu du kirolguneetan, betiere partidak jokoan dauden bitartean.

Gutuna federazioei eta udalei

Jon Darpon Osasun sailburuak maiatzean nabarmendu zuenez, alkohola banatzeko debekua kirol-instalazio guztietan zegoen indarrean, baita palkoetan eta VIP guneetan ere. Legea "argia" izanagatik, berria zela aitortu zuen Darponek, "normaltzat" jo zuen lehen hilabeteetako "nahasmena".

Udan, ordea, gutuna bidali die EAEko udal eta kirol-talde guztiei, "argitze aldera" eta jasotako "zalantza eta galdera guztiei erantzun" asmoz.

Araua garatuko duen dekretua onartu bitartean, legearen "interpretazioa" egin du Jaurlaritzak, eta edari alkoholdunen salmentaren debekua partida jokoan den tarteari dagokiola zehaztuta. Lehia hasi baino 15 minutu lehenago eta hura bukatuta, denbora tarte berean ere indarrean dago debekua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletici buruzko albisteak San Mames argazkiak Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea