Gizartea -

Indarkeria matxista

Adingabe bati sexu-erasoa egin diote Leioan

Erasoa astearte goizaldean jazo da Leioako (Bizkaia) Elexalde auzoan. Ertzaintzak dagoeneko atxilotu du ustezko erasotzailea.

Leioako Elexalde auzoan izan da erasoa, bart. Argazkia: EiTB.
Leioako Elexalde auzoan izan da erasoa, bart. Argazkia: EiTB.

Agentziak | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sexu-erasoa egin zioten adingabe bati astearte goizaldean Leioako (Bizkaia) Elexalde auzoan.

Segurtasun Saileko iturriek eitb.eus-i jakitera eman ziotenez, erasoa 02:45ean inguruan gertatu zen. Adingabea etxera bidean zihoan, festa batean izan ostean.

Abisua jaso eta gero, Ertzaintza erasoaren lekura bertaratu zen eta, handik minutu gutxira, 03:30 aldera, ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu zuen, Leioan bertan. Atxilotua gizonezko gazte bat da, eta Getxoko Epaitegira eraman zuten.

Biktima Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, eta han auzitegiko medikuak artatu zuen.

Udalaren oharra

Gertatutakoaren aurrean, Leioako Udalak ohar bat argitaratu zuen bere webgunean erasoa gaitzesteko: "Leioako Udalak atzo gauean Leioako adingabeko neska batek jasandako eraso sexista gogorra erabat gaitzesten du".

Oharrean jasotzen zenez, Udalak "emakumeen askatasun sexualaren kontrako eraso guztiak salatzen ditu baina, bereziki, adingabekoen kontrakoak, kasu honetan bezala".

Horrenbestez, gaur, asteazkena, goizerako Bozeramaileen Batzordea deitu zuen, aipatu erasoa salatuko duen elkarretaratzera deitzeko. Litekeena da asteazken arratsaldean izatea.

________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Getxo argazkiak Bizkaiko albisteak Leioa albisteak Albisteak