Gizartea -

Emakumearen Euskal Institutua

Beldurra kalean: sozializatu eta transmititzen da, eta generoa dauka

Emakunderen arabera, neskei txikietatik erakusten zaie kontuz ibiltzera, modu jakin batean ez janztera; aldiz, mutilak, hazten diren heinean, beldurra ematen hasten dira, txikitatik zutena galduta.

Leioako erasoa gogor gaitzetsi du Emakundek

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakunde Emakumearen Euskal Institutuak Kalea nirea da? Boterea, beldurra eta emakume gazteen ahalduntze estrategiak espazio publikoetan izenburuko ikerketa aurkeztu du eta, horretan jaso duenez, generoak eragin zuzena du beldurrean.

"Neskek mutilek baino arriskutsuago sentitzen dute espazio publikoa, eta horrek ondorio emozional eta ondorio zuzenak ditu euren askatasunaren murrizketan, mutilek duten murrizketa baino askoz handiagoa", ikerketaren arabera.

Txostenean jaso dutenez, bai emakumezko zein gizonezko gazteek, biek sentitzen dute beldurra, baina kasu bietan gizonei diete beldurra. Emakumeen kasuan, gehiegikeriari, sexu-erasoei eta bortxaketari diete beldurra, eta gazteak direnean beldur gutxiago badute ere, hau haziz doa adinarekin batera, euren gorputzak eraso sexualen aurrean zaurgarri ikusten duten heinean.

"Gizon gazteen kasuan -dio erakundeak- lapurretari edo eraso fisiko bati diote beldurra, baina gutxika beldur hau galduz doaz hazten doazen heinean eta indarrean dagoen rol maskulinoan  sartzen doazen heinean".

Sozializazioari dagokionez, neskak dira beldurraren sozializazioa eta transmisioa jasaten dutenak, nagusiki. Familian jartzen dizkieten mugen bitartez, etxean esaten dieten gauzen bitartez eta baita ere gizartetik jasotzen dituzten mezuen bitartez.

"Neskei txikitatik erakusten zaie espazio publikoa arriskutsua dela, ez dela eurentzako leku egokia eta kontu handiarekin ibili behar direla. Kontuz ibiltzeko esaten zaie, bakarrik ez joateko, adi egoteko edarian ezer bota ez diezaieten eta abar… baina honekin batera esaten zaie baita ere ez dezatela 'probokatu' edo ez daitezela 'modu honetara edo bestera jantzita ibili'. Honen aurrean, deigarria da mutilei ez zaiela neurri horretan mezurik helarazten indarkeria errotik prebenitu ahal izateko", txostenaren arabera.

Hiru herritako (Barakaldo, Gasteiz eta Hernani) 70 gazterekin egindako metodologia parte hartzailean oinarritzen den ikerketa izan da, Emakundek azaldu duenez. Neska eta mutil gazteek espazio publikoak nola erabiltzen dituzten eta bertan ze esperientzia dituzten ikertu dute, genero ikuspuntutik.

Ikerketa hau Emakundek urtero genero eta berdintasuna gaiak lantzen dituzten lanei ematen dizkien hiru beketako baten ondorio da eta egileak Maria Rodo de Zarate eta Jordi Estivill i Casany izan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barakaldo Hernani argazkiak Eusko Jaurlaritza Emakunde berriak Gizartea Gasteiz berriak Gaurko azken orduko albistea