Gizartea -

Garraio publikoa

Bilbon, EHUra joateko autobus-geltoki berriak ez du estalkirik izango

Juan Antonio Zunzunegui etorbidean egiten ari diren autobus-geltoki berria azaroaren 7an jarriko dute martxan.

Bizkaibuseko erabiltzaileak. Artxiboko argazkia: EiTB
Bizkaibuseko erabiltzaileak. Artxiboko argazkia: EiTB
Bizkaibuseko erabiltzaileak. Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbotik EHUra joateko Juan Antonio Zunzunegui etorbidean egiten ari diren autobus-geltoki berriak ez du estalkirik izango. Arrazoi horregatik, ikasleek “kalean itxaron” beharko dutela salatu dute oposizioan dauden alderdi politikoek.

Vicente Reyes Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatuak azaldu duenez, Juan Antonio Zunzunegui etorbidean egongo den autobus-geltoki berria azaroaren 7an jarriko dute martxan. Dena den, ez du estalkirik izango, arazo teknikoak direla eta ezinezkoa baita teilatua ainguratzea.

Ildo horretatik, ikasleek “kalean itxaron” beharko dutela salatu dute oposizioan dauden alderdi politikoek. Era berean, geltoki berria jarri duten kalean euriak gogor jotzen duela kritikatu du Arturo Aldecoa talde mistoko ordezkariak.

Foru diputatuak ziurtatu du markesina jartzeko saiakera egingo duela, baina horri buruzko erabakia Bilboko Udalari dagokiola gaineratu du.

Asteazken honetan Garraio Foru Batzordean egindako agerraldian azaldu duenez, egungo geralekutik 200 metro baino gutxiagora egongo da autobus-geltoki berria. Bertan, 41 metroko luzera duen dartsena bat egongo da, non 18 metroko bi autobus artikulatu sartu ahal izango diren. Halaber, bihurgunean 80 metroko espaloia egongo Guturbay kalearen noranzkoan eta 40 metrokoa Bilbotik irteteko tunelen norabidean.

Gainera, espaloiaren tarte nagusiaren zabalera aldatu egingo da eta, tokiaren arabera, gehienez sei metro eta gutxienez hiru metro izango ditu.

Foru diputatuak azaldu duenez, aldaketa horri esker “erabiltzaileek seguruago eta erosoago egongo dira”. Aurreikusitakoaren arabera, Termibus autobusen geltoki berria martxan jarri arte erabilgarri egongo dela gogoratu du.

Beste alde batetik, Batzar Nagusietan egindako agerraldian Podemos taldeak esan du autobusek ez dutela gaitasunik bidaiari guztiak hartzeko, eta sarritan bidaiari batzuk geralekuan geratzen direla. Hala ere, foru diputatuak adierazpen horiek ukatu egin ditu.

“Autobusa betetzen denean, berehala beste bat dator, kanpoan geratu diren pertsonak batzeko” esan du Reyesek. Halaber, “puntako orduetan errefortzuak jarri eta zerbitzuak areagotu” behar izan direla gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala albisteak Bilboko azken albisteak Gaurko albisteak Bizkaia Gizartea Bizkaibus Gaurko azken orduko albistea