Gizartea -

Manifestazioak

TTIP eta CETAk multinazionalei bakarrik on egiten dietela salatu dute

Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean merkataritza askeko itunen aurkako manifestazioak egin dira larunbat honetan.

TTIP eta CETA ituenen aurkako manifestazioa gaur, Gasteizen. EFE
TTIP eta CETA ituenen aurkako manifestazioa gaur, Gasteizen. EFE
TTIP eta CETA ituenen aurkako manifestazioa gaur, Gasteizen. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsona bildu dira larunbat honetan Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean Europar Batasunak Kanadarekin dagoeneko sinatuta duen CETA itunaren aurka, baita Europar Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek elkarrekin sinatu nahi duten TTIP itunaren kontra ere. Bata zein bestea merkataritza askeko itunak dira, manifestazioen antolatzaileen esanetan multinazionalei are eta botere gehiago aitortuko dietenak, herritarren eskubideen kaltetan.

"TTIP/CETA, EZ. Herriek erabaki. Gure lurra eta eskubideak defenda ditzagun" leloa zuten pankartak egon dira manifestazioak zabaltzen, eta haien atzetik ehunka herritar.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartarekin eta TTIP/CETAren aurkako kanpainarekin bat egin duten hainbat erakundek deituta egin dira protesta martxak; izan ere, "indarrak batzea" erabaki dute itun mota horien aurkakotasuna ikustarazteko.

TTIP ETA CETAren AURKAKO MANIFESTAZIOA BILBON EITB

Bilbo zeharkatu duen manifestazioaren burua. Argazkia: EiTB

Erakunde horien artean daude ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuak, Euskal Herriko ehun erakunde sozial baino gehiago eta  EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiak, besteak beste.

Hedabideei eginiko adierazpenetan, antolatzaileetako batek azaldu du gaur egindako moduko ekintzekin merkataritza askeko itun mota horien aurkako jarrera azalarazi nahi dela. Bere esanetan, itun horiek "multinazionalei besterik ez diete onura egiten, herrien interesen kontra".

Horrenbestez, "TTIP/CETA EZ" kolektiboarentzat "aipatu itunek beharrezkoak diren berme juridikoak aitortzen dizkiete kapital finantzarioari eta multinazionalei ekonomia, ingurumena, legeak eta pertsonen eskubideak euren onuran erabiltzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Donostiako azken albisteak Iruñea azken orduko berriak Gizartea albisteak Ekonomia Gasteiz albisteak Eguneko albisteak