Gizartea -

Megatruck

Megakamioiak lehen etapa egin du Gipuzkoako errepideetan

Inoiz euskal errepideetan ibili den ibilgailurik handiena mantso-mantso abiatu da. Bi egun gehiago beharko ditu oraindik Zangozara heltzeko.

Garraioak futbol zelai baten luzera du. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Garraioak futbol zelai baten luzera du. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Uste baino 2 ordu lehenago egin du Zamalbiderainoko bidea

1:16

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ia 100 metro luze den megakamioia gaur gauean abiatu da dagoeneko Pasaiako portutik (Gipuzkoa), Zangozarako (Nafarroa) bidean.

Inoiz euskal errepideetan izan den ibilgailu handiena da, eta hiru gau beharko ditu 60 kilometroko bidea egiteko, 15 km/h-ko abiaduran.

Bart Pasaiako portutik abiatu da haize-sorgailu erraldoi baten makineria-kaxa daraman garraio berezia. Zehazki, 94,81 metroko luzera, 6,5 metroko zabalera, 5,3 metroko altuera eta 514,4 tonako pisua ditu. Arrazoi horregatik, bi trakzio buruk tiratu dute aurretik eta beste batek bultzatu du garraioaren atzetik.

Zailtasun handieneko etapa lehenengoa izan da, garraio erraldoiak Gomiztegiko biribilgunea (El Ancla) eta bi tunel zeharkatu behar izan dituelako. Ondorioz, 12 kilometro besterik ez du egin astearte gauean, eta Donostiako bigarren ingurabidean, Errenterian, gelditu da eguna pasatzen.

Bigarren gauean, Urumeako autobidetik N-1era sartuko da, Beasainera iristea helburu. Tarte batzuetan, baina, kontrako norabidean joango da, garraioak ezin baititu tarte horretako bihurgune asko hartu.

Hirugarren etapa Beasaindik Etzegarate gainera artekoa izango da, eta kontrako norabidean egingo du ibilbide guztia. Gau horretan, beraz, Nafarroatik Idiazabalerako norabidea erabat itxita egongo da.

Beste alde batetik, inguru horretan ibili behar duten gidariei arreta handiz ibiltzeko eskaria egin die Ertzaintzak. Garraioa gauez ibiliko da. 23:30 inguruan jarriko da martxan, eta 05:30ean geldituko da.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, AP-8an, A-15ean eta N-1ean izango du eragin handiena. Hori dela eta, ahal den neurrian, errepide horiek erabili beharrean beste batzuk erabiltzeko eskatu du Aldundiak.

Hitachi enpresa japoniarrak muturreko eguraldia jasango duten haize-sorgailuak jarri nahi ditu Japoniako itsasoan. Alabaina, haize-sorgailu horien piezak homologatu behar ditu eta Zangozako laborategi batera bidaltzea erabaki du.

Ildo horretatik, zenbait hilabetetan Zangozako laborategian homologatzeko probak egin ostean, makineria-kaxa erraldoiak kontrako ibilbidea egin beharko du, Nafarroatik Pasaiako porturaino.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Donostia bideoak Gaurko albisteak Gipuzkoa Gaurko albisteak Nafarroan EAE Gizartea Pasaia albisteak Beasain albisteak Gaurko azken orduko albistea