Gizartea -

Deshobiratzeak amaituta

Joseba Asiron: 'Iruñean zauriak ixten hasi gara'

Iruñeko alkateak eta Paco Etxeberria auzitegiko medikuak azpimarratu dute Erorien Monumentuko deshobiratzeak “profesionaltasunez, seriotasunez eta familiak errespetatuta” egin direla.

Joseba Asiron eta Paco Etxeberria. Argazkia: EFE
Joseba Asiron eta Paco Etxeberria. Argazkia: EFE
Joseba Asiron eta Paco Etxeberria. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Erorien Monumentuan lurperatuta zeuden gorpu guztiak, tartean Mola eta Sanjurjo jeneral frankistena, hobitik aterata, “Iruñea bere buruarekin eta bere historiarekin hiri justuago bat” dela eta Nafarroako hiriburuan “zauriak ixten hasi” direla azpimarratu du Joseba Asiron alkateak.

“Aurretik etorkizun itxaropentsua dugu, guztiok tokia izango dugun hiria eraikitzeko. Batak besteari ezetz esateko garaiak amaitu dira. Aro berri bat hasi da. Guztiontzako hiria eraikiko dugu”, erantsi du.

Asironek eta Paco Etxeberria Auzitegiko Medikuntzako irakasle eta Aranzadi Zientzia Elkarteko presidenteak prentsaurrekoa eman dute, Iruñeko Erorien Monumentuko gorpuzki guztiak hobitik ateratzeko prozesua atzo amaitu ostean.

“Egun historikoa izan zen atzokoa; 80 urte eta gero, gizartean taupaka zegoen aldarrikapen historikoa bete egin da”, adierazi du.

Memoria Historikoaren Legea betetzeaz gain, Mola eta Sanjurjo jeneralen gorpuzkiak kripta horretatik ateratzea “logikoa eta zentzuzkoa” zela esan du.

Horrenbestez, prozesu horretan parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkie: Paco Etxeberria auzitegiko medikuari eta haren lan-taldeari beren “profesionaltasunagatik”; Iruñeko Udaleko teknikariei erakutsitako “prestasunagatik eta diskrezioagatik”; Artzapezpikutzari, “elkarlanean aritzeagatik”; eta Udaleko zerbitzu juridikoei “prozesua une oro ikuskatzeagatik”.

Horrez gain, deshobiratzeak “koherentziaz eta determinazioz” egin direla nabarmendu du, “polemikak eta zaratak kalte egin ziezaiotela utzi gabe”.

Ildo horretan, Iruñeko Udala familiekin hasieratik aritu dela elkarlanean adierazi du.

“Gai oso delikatua da eta errespetu osoz aritu gara, familien intimitatea eta pribatutasuna zainduz eta, aldi berean, ziurtasunez eta gogor lan eginez”, gaineratu du.

Erorien Monumentuaren etorkizunaz galdetuta, Asironek iragarri du eraikinaren etorkizuna zein izan behar den erabakitzeko prozesu parte-hartzaile bat jarriko dutela abian iritzi ezberdinak jasotzeko.

Bestalde, Paco Etxeberriak nabarmendu du deshobiratze prozesua “seriotasunez eta arduraz”  egin dutela.

“Horrelako kasuetan ezinbestekoa den diskrezioa mantendu dugu, familiekin eta Artzapezpikutzarekin izandako akordioak errespetatuta”, erantsi du.

“Askok esaten dute horrelako lanek nahaspila eragiten dutela, baina ez da horrela, hemen ez dugu inolako arazorik izan”, azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñeko albisteak Nafarroa gaur EH Bildu Iruñea Eguneko albisteak Frankismoari buruzko albisteak Iruñeko Udala azken ordukoa