Gizartea -

'Black Friday'

Interneten erosteko orduan kontuan hartu beharreko aholkuak

Eskaintza harrigarriak egiten dituzten webguneak, ordaintzeko modu ezohikoak, telefono bidezko deiak, WhatsApp… une oro aintzat hartu beharko liratekeen aholkuak topatuko dituzu hemen.

europa press

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beste behin, Flack Friday heldu da, eta, harekin batera, eskaintza interesgarriak topatuko ditugu han eta hemen, Gabonak hasteko aste gutxi falta direnean. Halere, arretaz aztertu behar da irregulartasunen baten susmoa duen webgune batera sartu baino lehen, asmo txarreko webgune batean sartzearekin bakarrik, zibergaizkileek gure bizitzari buruzko informazioa har baitezakete, eskaintza faltsu gehiago egin ahal izateko etorkizunean.

Hona hemen kontuan hartu beharreko zenbait aholku:

Mesfidati izan WhatsApp bidez jasotzen duzunaren aurrean

WhatsApp zibergaizkileen ezinbesteko "tresna" bihurtu da; hortaz, mesfidati jokatu beharko zeunke zure lagunek kanpo estekak dituzten eskaintzak bidaltzen dizkizutenean, zibergaizkileek iragarki faltsuak sortzen baitituzte, eta berehala zabaltzen dira lau haizeetara, eskaintza oso onak direlako, itxuraz.

Esteka sakatu beharrean, hobe da telefonoaren nabigatzailera jo eta eskaintza hori bera bilatzailean bilatzea. Faltsua bada, ez da hasierako emaitzetan agertuko.

Mesfidati izan ezagutzen ez dituzun webguneen aurrean

Internet hain handia denez, litekeena da eskaintzak egiten dizkizuten webak ez ezagutzea, eta oso logikoa da aurretik ezagutzen ez dituzun webguneen eskaintzak jasotzea. Halere, neurri txikiren bat hartu beharko zenuke horietan nabigatzen hasi aurretik.

Egin bilaketa arin bat denda edo marka horren gaineko iritziak aurkitzeko. Enpresari buruzko albisteak edo Wikipedian orriren bat topatuz gero, orduan ez dago zalantzarik: konfiantzazko marka da. Foroetan baino ez baduzu topatzen, bilatu apur bat gehiago, eta ez baduzu enpresari buruzko informaziorik aurkitzen, ez jarraitu nabigatzen.

Mesfidati izan marka ezagunen aurrean ere

Hacker askok nortasuna edo markak ordezkatu ohi dituzte sarritan. Begira ezazu ikusten ari zaren webguneak gutxienezko baldintzak betetzen dituen modu seguruan nabigatzeko. Beste ezer egin baino lehen, URLari erreparatu behar diozu.

Konfiantzazko dendek 'https' protokoloa erabiltzen dute erosketak online egiteko. Horregatik, ordainketa egiteko orduan 's'-rik ez baduzu ikusten 'http' horren ondoren, ez erostea gomendatzen dizugu.

Egiaztatu ordainketa moduak

Era berean, konproba itzazu webguneek eskaintzen dizkizuten ordainketa moduak. Ordainketa egiteko pasabiderik ez badago, eta banku baten logoa ez baduzu ikusten, edo PayPalen modukorik ez badago, esaterako, iker ezazu apur bat gehiago.

Orokorrean, banku bidezko transferentzia egitea eskatzen dizuten webek, ordainketa pasabide baten bidez egin beharrean, ez dira beti konfiantzazkoak.

Mesfidati izan telefono deien aurrean

Oso ohituta gaude eskaintzak telefono bidez jasotzen. Halere, mesfidati izan behar dugu horren moduko deiak jasotzen ditugunean, eta ondo egiaztatu ez dela iruzurra. Deitzen dizun enpresak Datuen Babesari buruzko Legea ez badizu aipatzen, ez da konfiantzazkoa.

Era berean, zure kreditu txartelaren zenbakia behin eta berriz eskatzen badizute, gauza bera. Dei baten bidez ezer erosi baino lehen, ikertu apur bat Interneten, eta informazio gehiagorik ez baduzu topatzen, hobe da ez erostea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
WhatsApp berriak Gaurko azken ordukoa