Gizartea -

Hoznayo eta Hazas de Ceston

Zazpi atxilotu billete faltsuak egin eta ondoren EAEn banatzeagatik

Faltsututako billete gehienak 20 eurokoak ziren. Kantabrian egin eta, ondoren, Asturiasen, EAEn eta erkidego kantabriarrean banatzen zituzten. Baliteke 380.000 euro merkaturatu izana.

Billete faltsua eta legala, Ertzaintzak zabaldutako irudi batean
Billete faltsua eta legala, Ertzaintzak zabaldutako irudi batean
Billete faltsua eta legala, Ertzaintzak zabaldutako irudi batean

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak bost gizonezko eta emakumezko bi atxilotu ditu Asturias, EAE eta Kantabrian billete faltsuak ekoitzi eta banatzea leporatuta. Faltsututako billete gehienak 20 eurokoak ziren eta hiru erkidegoetako dendetan ordaintzen zuten.

Atxilotuok Hoznayo eta Hazas de Cesto Kantabriako herrietan topatu dituzte. Aurretik, Guardia Zibilak "ohi baino pertsona eta ibilgailu gehiago etengabean" ibiltzen zirela antzeman zuen.

Bi etxeetara joan-etorriak egiten zituzten pertsona horiek ikertu eta gero, ikertzaileek jakin ahal izan zuten horietako batzuek ordaindu egin zutela, edota saiatu zirela, Asturiasko, Kantabriako eta EAEko dendetan.

Etxeetan miaketak egin eta gero ondorioztatu dutenez, baliteke 380.000 euro merkaturatu izana, 20 eta 50 euroko billeteen bidez.

Guardia Zibilak ohar baten bidez azaldu duenaren arabera, taldea autoetan mugitzen zen, adingabe eta adinekoekin, Espainiako Estatuko iparraldean zehar. "Balio gutxiko produktuak" erosi edo, "besterik gabe, txanponetan dirua aldatzea" eskatzen zuten.

Billeteak egiteko, atxilotuek 20 euroko billete legal baten parte bat ebaki eta, ondoren, ebakitako zatia billete faltsu baten ipintzen zuten. Horrela, billetearen parte bat faltsua zen eta, bestea, benetakoa.

Billete legalari (ebakia duena) billete faltsuaren zatia itsasten zioten eta, horrela, bi billete izaten zituzten, Guardia Zibilaren arabera.

Billete horietako batzuk, era beran, 'vending' makinetan ere sartzen zituzten. Atxilotuok, aipatutako makinetan, gutxien balio zuten produktuak erosten zituzten, "ahalik eta etekin gehien izateko".

Gainerako billeteak, merkataritza establezimenduetan sartzen zituzten, zuzenean, iruzurra eginez.

Atxilotu guztiak espainiarrak dira, 23 eta 50 urte bitartekoak, eta horietako bost kartzelatu egin dituzte dagoeneko. Horietako bat, gainera, aurrekariak zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Delituak argazkiak Iruzurrak argazkiak Albisteak