Gizartea -

Gaixotasun arraroa

Aske utzi dute Nadiaren ama, deklaratu ostean

Aitak polizia-etxean jarraitzen du, eta Kataluniako Auzitegi Nagusiaren arabera, ez da espero gaur epailearen aurretik igarotzea.

Nadia kasua: atxiloketak
Nadia kasua: atxiloketak
Nadiaren ama aske geratu da, baina aitak kartzelan jarraitzen du

1:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nadiaren ama, Marga Grau, aske geratu da gaur goizaldean Esquadra Mossoen aurrean deklaratu eta gero. Mossoek gurasoen etxebizitza arakatu dute epaileak hala aginduta.

Izan ere, Esquadra Mossoek asteazken arratsaldean Fernando Blanco eta Marga Grau, gaixotasun arraro bat duen 11 urteko Nadia Nerearen gurasoak, atxilotu zituzten , bere alabarentzat sendabideak aurkitzeko asmoz bildutako dohaintzetan iruzur egitea leporatuta.

Alabaina, goizaldeko bostak inguruan libre utzi dute ama, eta senitarteko batzuen ardurapean zegoen alabarekin batu ahal izan da. Aitak, berriz, polizia-etxean jarraitzen du, eta Kataluniako Auzitegi Nagusiaren arabera, ez da espero gaur epailearen aurretik igarotzea.

Iturri judizialek adierazi dutenez, Fernando Blanco atxilotzeko arrazoia ihes egiteko arriskua zegoelako izan da, 48 ordu baitzeramatzan desagertuta eta etxetik agertu gabe, eta gezurra esan omen zuen Madrilera egin beharreko bidaia bati buruz.

Seu d'Urgelleko Instrukzioko 1. zenbakiko Epaitegiak dauka Nadiaren kasua ikertzeko ardura, eta epaileak hainbat aldiz eskatu die gurasoei neskatoaren mediku-txostena eman diezaiotela, trikotiodistrofia izeneko gaixotasun arraroa duen baieztatzeko.

Horrez gain, Fiskaltzari galdetu dio auzian neurri zibilak hartzea egokia ote den, eta horrek adingabearen tutoretzaren gaineko erabakiak barne har ditzake.

Aldi berean, Nadiaren pasaportea eskatu du, eta joan zen astelehenean aitaren kontu-korronteak blokeatzea eskatu zuen. Izan ere, egun batzuk lehenago Blancoren ordura arteko kontakizuna zalantzan jartzen zuten zenbait informazio plazaratu ziren, eta horren aurrean dirua itzuliko zuela iragarri zuen hark.

Nadiaren gurasoek 150.000 euro baino gehiago jaso zituzten hainbat dohaintzaren bidez, bere alabaren ebakuntza finantzatzera bideratzeko xedearekin; alabaina, Blancok astelehenean aitortu zuenaren arabera, bere alabari buruz azaldu zuen istorioan "asko puztutako alderdiak" zeuden.

Esaterako, onartu egin zuen ez zuela eraman bere alaba Houstoneko (AEB) ospitale batera, baizik eta, horren ordez, petrikilo batzuek artatu zutela. Gainera, horren inguruan emazteari ere gezurra esan ziola azaldu zuen.

Bere aldetik, Margarita Garau emazteak egun batzuk geroago azaldu zuenez, bere senarrak ez zion medikuen gaineko azalpenik ematen eta senarrarengan "fidatzen" zela. Bere bertsioaren arabera, bildutako dirua ez dute erabili neskatoaren gaixotasunera bideratzeko baino. "Txarto gabiltza diru aldetik, baina dohaintzak bankuan daude", gaineratu zuen.

Epaileak ostiralean deklaratzera deitu du ama

Seu d'Urgelleko (Lleida) 1 zenbakiko epaitegiko titularrak ostiral honetan deklaratzera deitu du Nadiaren ama, ustezko iruzur bategatik. Gaurdi honetan utzi dute aske, eta ostiral eguerdian deklaratu beharko du Seuko 1 zenbakiko instrukzio epaitegian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Iruzurrak argazkiak Gaixotasunak bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Umeak albisteak gaur Gurasoak albisteak Gizartea albisteak