Gizartea -

Polizia operazioa

Emakumeak prostituitzera behartzen zituen sare bat desegin dute Bilbon

Sarearen ustezko bi buruzagiak atxilotu dituzte: bata Bilbon eta bestea Alemanian. Hiru emakume askatu dituzte.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak sexu-esplotaziorako gizakien salerosketan ziharduen nazioarteko talde kriminal bat desegin du Bilbon. Azken urte honetan egindako ikerketaren ondorioz, bi lagun atxilotu eta hiru emakume askatu dituzte. Espainiako Poliziak ere parte hartu du operazioan.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldu duenez, atxiloketak Bizkaiko hiriburuan eta Alemanian egin dituzte, eta miaketak egin dituzte.

Ikerketa joan den urteko abuztuan hasi zen, Nigeriako emakume bat bere borondatearen kontra prostituitzera behartzen ari zirela jakin zuenean Ertzaintzaren Ikerketa Kriminal eta Polizia Judizialeko Unitateko Pertsonen Kontrako Delituen Arloak.

Biktima eta beste emakume bat Nigerian bertan erakarri zituzten iruzur bidez, Espainiako Estatuan garbiketaren edo ostalaritzaren sektorean lan egingo zutela aginduta. Hiru hilabete baino gehiagoko bidaia egin behar izan zuten klandestinitatean Nigeria, Niger, Libia, Italia eta Frantzian barrena, Bilbora iritsi arte. Bidaia ordaintzeko, bi emakumeek 30.000 euroko zorra sortu zuten gaizkile taldearekin, eta, ordaintzen ez bazuten, eurak eta euren senideak hilko zituztela esan zieten.

Erakartzeko erritua

Jatorri nigeriarreko emakumeen salerosketarako biktimak erakartzeko prozesua 'juju' edo 'budu' erritu espiritual bidez egin ohi dute gaizkileek. Erritu horietan egiten den itunean, trafikatzaileak bidaia antolatzeko eta bidaiaren ondoriozko gastuak finantzatzeko konpromisoa hartzen du, eta emakumeek esanekoak izango direla, zorra ordainduko dutela eta poliziarengana ez dutela joko eta ez dutela salaketarik jarriko agintzen dute. Erritu bidezko lotura hori inportantea da Afrikako kontinentean jatorria duen delinkuentzia horretan.

Bi emakumeek agenteei kontatu zietenez, bidaia horretan ikusi zuten beste 100 bat emakumek bide bera egiten zutela beste erakunde delitugile batzuen kontrolpean. Boko Haram talde terroristaren mende dauden guneak zeharkatu zituzten, eta neke handiak izan zituzten basamortua gurutzatu zutenean. Emakumeetako batzuk bidean bertan saldu zituzten esklabo.

Jipoiak, mehatxuak eta sexu-erasoak

Bilbora iritsi zirenetik, eta bi emakumeek sortu zuten zorra ordaintzeko, egunero prostituitzera behartu zituzten. Lortutako diru guztia talde kriminalak beretzat hartzen zuenez, emakumeek diru eske ibili behar izan dute kalean. Gainera, maiz jasaten zituzten jipoiak eta mehatxuak, baita sexu-erasoak ere.

Operazioan bi gizonezko atxilotu dituzte. Horietako batek nazionalitate nigeriarra du, eta Alemaniako Jestetten Scholssbergstr herrian atxilotu dute. Bestea kamerundarra da, eta Bilbon atzeman dute.

Halaber, hiru emakumezko biktima askatu dituzte, eta ez dute baztertu atxiloketa gehiago egitea, ezta eraginpean egon daitezkeen beste emakume batzuk aurkitzea ere. Polizia-operazioaren barruan, lokalak miatu dituzte Alemanian eta Bizkaiko hiriburuan.

2010etik, Euskal Autonomia Erkidegoan sexu-esplotaziorako gizakiak salerosten dituzten sareen biktima ziren hogeita hamar bat emakume askatu ditu Ertzaintzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Istiluak Bilbon gaur Ertzaintzaren albisteak Delituak Gizartea bideoak