Gizartea -

Lan Eskaintza Publikoa

25 suhiltzaile lanposturako lan deialdi publikoa egin dute Gipuzkoan

Oposaketan parte hartu nahi duten pertsonek baldintza batzuk bete behar izango dituzte, besteak beste, euskarazko 1. profila eta C+E gidabaimena izatea.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak suhiltzaileen Lan Eskaintza Publiko (LEP) berria iragarri du astearte honetan. Astelehenean deialdi horren oinarriak argitaratuko dituzte Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta, guztira, 25 lanpostu eskainiko ditu Aldundiak.

Imanol Landa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak adierazi duenez, legealdi honetako lehen Lan Eskaintza Publikoa da. Ildo horretatik, laster Ogasuneko teknikarien eskaintza publikoari dagozkion oinarriak onartuko direla jakinarazi du, “zerga iruzurraren aurkako borroka sendotzeko”. Era berean, gizarte politika arloetan LEPak egiteko asmoa duela esan du.

Dena den, bere jarrera malgutzeko exijitu dio Espainiako Gobernuari. Izan ere, Aldundiko langile gehienek hamar urteko epean erretiroa hartuko dutela azaldu du Lasak. Arrazoi horregatik, LEPak egin ahal izatea Aldundiarentzat “hil ala biziko kontua” dela ziurtatu du, “belaunaldi aldaketa gauzatu ahal izateko”.

2006an egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak bere azken LEP handia. Kasu horretan, 193 lanpostu eskaini zituzten eta 7.708 eskaera jaso zituzten.

Oposaketan parte hartu nahi duten pertsonek baldintza batzuk bete behar izango dituzte: euskarazko 1. profila eta C+E gidabaimena izatea (2017ko maiatzaren 1a baino lehenago egiaztatu beharko dena). Halaber, ondorengo ariketa hauek egin beharko dituzte: ezagutza teorikoen eta gai teoriko-praktikoen gaineko proba; proba fisikoak; proba psikoteknikoak, eta lanbide probak (azken hau borondatezkoa izango da).

Beste alde batetik, Maite Barruetabeña Funtzio Publikoko zuzendariak azaldu du berrikuntzen artean, proba fisikoen baremazioan sexuka sakonduko da. Ildo horretatik, LEPean parte hartzera animatu nahi dituzte emakumeak.

Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundian lan egiten duten 156 suhiltzaileetatik, hiru besterik ez dira emakumezkoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak EAE Funtzionarioak Gizartea albisteak Albisteak Enplegu Eskaintzak 2024 Suhiltzaileak