Gizartea -

Getxo

Ikerketa bat ireki dute haurtxo bati ustez egindako tratu txarrengatik

Duela egun batzuk eraman zuten 11 hilabeteko haurra Gurutzetako Ospitalera, hainbat zaurirekin. Aldundiak harrera familiaren baitan egitea aztertuko du.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko epaitegi batek ikerketa judizial bat ireki du, Barakaldoko Fiskaltzaren instantzian, hamaika hilabeteko haurtxo batek ustez jasandako tratu txarrak ikertzeko. Gurutzetako Ospitalera eraman zuten ostiralean, hainbat zaurirekin.

Irekitako ikerketa judiziala Getxoko epaitegi batera eraman dute, ustez gertaerak bertan izan zirelako.

Juan Calparsoro Euskal Herriko fiskal nagusiak eman du irekitako prozedura judizialaren berri, bertan Gurutzetako Ospitaleko partea dago, medikuek “tratu txarren balizko zantzuak” daudela esanez.

Erakundeko ordezkariaren arabera, haurtxoa ospitalean sartu zutenetik, ikerketa bat abiarazi dute “datu horiek egiazkoak diren” berresteko.

Peritu judizialei dagokie lan hori, eta haurtxoaren zauriak nondik datozen zehaztu behar izango dute. Amonak eraman zuen haurra Gurutzetako ospitalera, atestatuak esan duenez.

Ebaluazio juridikoaren ostean, “osasun fasea” hasiko da, Osakidetzak eraman beharko du hori. Haurtxoaren babesa Bizkaiko foru Aldundiak hartu du.

Harrera-familia

Auzia ikertzen ari den epaileak Bizkaiko Foru Aldundiari eman dio adingabearen legezko zaintza. Foru erakundeko iturriek jakinarazi dutenez, haurtxoari senda-agiria ematen diotenean, familia-harrera topatzeari ekingo diote, eta neskatoaren familiako kideren bat izan ote daitekeen aztertuko dute.

Foru Aldundiaren hitzetan, "adingabea babesteko neurri guztiak hartuko dituzte", eta neskatoak kide askoko familia balu eta horietako baten bat egokia dela irizten badiote, harrera hari ematea aztertuko dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Emakumeak tratu txarrak Getxo albisteak Umeak albisteak