Gizartea -

Abenduak 21

Milaka pertsona elkartu dira Bilboko San Tomas Azokan

Guztira, 140 baserritar elkartu dira Bilboko Plaza Berrian eta Areatzan, urte osoan ekoiztutako produktuak eskaintzeko.

Bilboko San Tomas Azoka (2016). Argazkia: EiTB
Bilboko San Tomas Azoka (2016). Argazkia: EiTB
Taloaren eta sagardoaren bila hurbildu dira Bilbora bizkaitarrak

1:36

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka bilbotar eta bisitari Bilboko Plaza Berrian eta Areatzan elkartu dira asteazken honetan, abenduak 21,  San Tomas eguna ospatzeko. Tradizio handiko nekazaritza- eta abeltzaintza-azokak 09:00etan ireki ditu 286 postuetako ateak.

68. edizio honetan, emakumezko kirolariak omendu nahi izan dituzte azokari hasiera emateko ekitaldi ofizialean. Halaber, BBK Fundazioak jostailuak batzeko elkartasun-gune bat jarri du Arriaga Antzokiko zabaldegian, eta jostailu-bilketa egin dute egun osoan zehar.

Goizeko lehen ordutik, ehunka pertsona hurbildu dira Bilboko San Tomas Azokara. Guztira, 140 baserritar elkartu dira bertan, urte osoan ekoiztutako produktuak eskaintzeko: barazkiak, gaztak, fruituak, txakolinak, sagardoak, taloak, ogiak, eztiak, landareak eta loreak, besteak beste.

Azokari hasiera emateko ekitaldi ofiziala goizean egin dute BBK-k jarritako stand solidarioan. Aurten, ohiko azoka-etxolen kopia txiki bat eman die  erakundeak kirolari ospetsu batzuei: Athleticeko emakumezko jokalariei, Joane Somarriba txirrindulariari, Gaztedi sokatira-taldeari, Rakel Mateo triatleta paraolinpiarrari eta Maider Unda borrokalariari. Aitortza horren helburua da kirolean berdintasuna sustatzeko egiten duten ahaleginari gorazarre egitea.

BBK-k jarritako stand solidarioan biltzen den diru guztia Gurutze Gorriari emango zaio, erakunde horrek umeak laguntzen jarrai dezan.

Guztientzako jostailuak

Era berean, BBK Fundazioak, Koopera gizarte-berrikuntzarako kooperatibarekin lankidetzan, jostailuak batzeko elkartasun-gune bat jarri du Arriaga Antzokiko zabaldegian. Helburu nagusia, Olentzeroren opariez gozatzeko zailtasunak dituzten umeak laguntzea da.

San Tomas egunaren harira, Plaza Berrian eta Areatzan 100.000 pertsona inguru biltzea espero zuen Bilboko Udalak. Arrazoi horregatik, 100 agentek hartu dute parte segurtasun plan berezian eta 121 pertsona garbiketaz arduratu dira. Gainera, 300 komun jarri dira nekazaritza- eta abeltzaintza-azokaz gozatu ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilboko azken albisteak San Tomas Jaia Bilbo Azken ordukoa Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Azokak gaur