Gizartea -

Desobedientzia ekintza

Zuluagak eta Huartek gaur deklaratuko dute epailearen aurrean

Bi ekintzaile euskal herritarrak 12:30ean igaroko dira epailearen aurretik, eta epaileak erabaki beharko du baldintzapean aske geratuko ote diren edo atxilotze-agindua luzatuko ote zaien.

Errefuxiatuen egoera salatzea zen ekintzaren helburua
Errefuxiatuen egoera salatzea zen ekintzaren helburua
Mikel Zuluagak eta Begoña Huartek bihar deklaratuko dute

2:03

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Grezian atxilotutako Mikel Zuluaga eta Begoña Huarte ekintzaile euskal herritarrek gaur 12:30ean deklaratuko dute Igoumenitsako instrukzio epailearen aurrean, eta ondoren epaileak erabakiko du baldintzapean aske utzi edo atxilotze-agindua luzatu.

Igoumenitsako portuan atxilotu zituzten, autokarabana batean zortzi pertsona errefuxiatu garraiatzen ari zirela. Desobedientzia zibileko ekintza honen helburua pertsona horiekin Euskal Herrira heltzea zen, beraien egoera salatzeko.

Fiskaltzak errefuxiatuak integratzeko zuhurtziagabetasun larria eta inmigrazio ilegalari mesede egitea leporatzen die. Bizkaiko 'Ongi etorri errefuxiatuak' plataformaren esanetan, bi delitu horiek nahiz eta "larriak" izan, pertsonen trafikoa baino zigor leunagoak dakartzate. Fiskaltzak baztertu egin du azken aukera hori, ekintzan ez delako "irabazi-asmorik" sumatzen.

Mikel Zuluagaren eta Begoña Huarteren deklarazioak ostiral arte atzeratu dituzte, inputatuen defentsak hala eskatu duelako. Bien ordezkariak egun batzuk eskatu ditu espedientea aztertzeko, orain arte ez baitu sartzerik izan.

Zuluaga, Huarte eta beraiekin zihoazen beste zortzi pertsonak abenduaren 28an atzeman zituzten, goizaldean, kontrol arrunt batean, Italiara eramango zituen itsasontzi batean sartzear zeudela.

Bi ekintzaileen aldeko elkarretaratzeak

'Ongi Etorri Errefuxiatuak' plataformak deituta, bi ekintzaileei babesa adierazteko elkarretaratzeak deitu dituzte.

Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere elkarretaratzeak izango dira ostiral honetan. Bilboko eta Gasteizko bilkurak 18:00etan deitu dituzte; Donostiakoa 19:00etan izango da. Espainiako hainbat hiritan ere egingo dituzten mobilizazioak, hala nola, Madrilen, Logroñon, Valentzian, Malagan eta Valladoliden.

Atzo, osteguna, kontzentrazioak egin zituzten Zeanurin eta Iruñean, Zuluagaren eta Huarteren jaioterrietan. Iruñeko Udaletxeko plazan egindako elkarretaratzean 300 bat lagun elkartu ziren, 'Elkartasuna ez da delitua. Nik ere hala egingo nuke' lelopean.

Bilkuran parte hartu zuten herritarrek Mikel Zuluaga eta Begoña Huarte aske uztea eskatu zuten eta 'Migratzaileak eta errefuxiatuak ongietorri', 'Europar Batasuna hiltzailea' edo 'Mikel eta Bego askatu' bezalako kartelak erakutsi zituzten.

"Mikel eta Bego eskuzabalak dira, bere inguruarekin konprometituak eta gizarte justu eta berdin baten alde lan egiten dutenak", adierazi zuten elkarretaratzea amaitu aurretik irakurritako agirian.

"Lege eta politika injustuen aurrean desobedientzia zilegi dela ulertzen dugu", azpimarratu zuten. Migrazio politika eta Europar Batasunak mugak ixteko erabakia gogor kritikatu zuten, Giza Eskubideen kontrako neurriak direla iritzita.

Hortaz, bi atxilotuak kargurik gabe aske uzteko exijitu zuten eta gobernuei hausnarketa egin dezatela eskatu zieten, Giza Eskubideen Gutunean bildutako oinarrizko eskubideekin talka egiten duten legeak desobeditzeko gonbita eginez.

Bestalde, Ana Unanue Begoña Huarteren laguna da eta bi ekintzaileak "indartsu" daudela esan zuen, "egiten ari zirena beharrezkoa zela konbentzituta zeudelako".

Zuluaga eta Huarteren mezua

Atxilotuek bideo bat grabatu dute Poliziak atzeman aurretik, eta herritarrek "desobeditzeko, pertsona errefuxiatuak ekartzeko eta Euskal Herria abegi onez hartzen duen lurralde bihurtzeko" eskubidea dutela esan dute bertan, gobernuek "beldurra legeztatzen eta kupo mirrinak ez betetzen" jarraitzen duten bitartean.

Euskaraz eta gaztelaniaz grabatutako bideoan, beren gain hartzen dituzte ekimenaren ondorioak, ez baitiote "historiako beste sarraski handi batzuen antzeko basakeria honi" lagunduko.

"Giza eskubideei men egiten diegu, eta Europako gobernuei desobeditzen diegu, milaka pertsonarentzat heriotza, atxiloketa eta deshumanizazio gune bihurtu baitituzte mugak", azpimarratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grezia Albisteak