Gizartea -

Polizia operazioa

Atxilotu bat Bilbon, urdaileko botika saltzeagatik abortuak eragiteko

Poliziak beste bi pertsona atxilotu ditu Madrilen eta Torrelavegan. Gainera, egindako miaketetan 170 pilula atzeman dituzte.

Hiru atxilotu, bat Bilbon, botika abortiboak saltzeagatik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak hiru pertsona atxilotu ditu Bilbon, Madrilen eta Torrelavegan, urdaileko botika bat abortuak eragiteko sendagai bat balitz bezala saltzeagatik, legez kanpo, internet bidez. Botika urdaileko ultzerak tratatzeko erabili ohi da, baina haurdunaldia eteten du, zeharkako efektu gisa.

Poliziak ohar bidez jakinarazi duenez, 100 pertsonak baino gehiagok erosi zioten botika sareari, eta, kasu gehienetan, ospitalean artatu behar izan zituzten, botikak eragindako zeharkako ondorioengatik.

Farmazia bateko langile batek lortzen zituen pilulak, eta sareko buruak botikari buruzko galderei erantzuten zieten telefonoz eta WhatsApp bidez. Pilula kaxa bakoitza (40 pastilla) 10,40 euroan eros daiteke botikan, eta atxilotuek 15 eta 20 euro artean saltzen zuten pastilla bakoitza. Erosleek gutxienez bost pilula erosi behar izaten zituzten, eta, ondorioz, kaxako 700 euro irabazten zituen sareak.

Polizia operazioa urrian hasi zen, Zamorako Fiskaltza errezetarik gabe eta internet bidez sendagai bat saldu zuen gizonezko baten bila hasi zenean.

Ikerketa amaitutakoan, Poliziak sareko hiru kide identifikatu eta atxilotu zituen. Hainbat pakete entregatzera zihoala atzeman zuten atxilotuetako bat; bigarren atxilotua Torrelavegako farmazia bateko langile bat da (berak lortzen omen zituen pilulak), eta sare kriminaleko arduradun nagusia eta saltzailea izatea leporatzen dio Poliziak Bilbon atxilotutako gizonezkoari.

Atxiloketak egin ondoren izandako miaketetan, 170 pilula, eskuko telefonoak, ordenagailu bat eta hainbat mezularitza enpresarekin lotutako dokumentuak atzeman dituzte.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Gaurko albisteak Bizkaia Gizartea Gaurko azken ordukoa