Gizartea -

SEXU GEHIEGIKERIAK

Elizak Juan Kruz Mendizabal apaiza zigortu du, sexu-abusuengatik

Donostiako Elizbarrutiko bikario ohiak sexu gehiegikeriak egin zizkiela salatu zuten iaz bi gaztek eta orain kasu gehiago egon daitekeela zabaldu da.

Juan Kruz Mendizabal apaiza. Argazkia: EiTB
Juan Kruz Mendizabal apaiza. Argazkia: EiTB
Pederastia dela eta, Juan Kruz Mendizabal apaiza zigortu du Elizak

1:29

ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elizak Juan Kruz Mendizabal apaiza zigortu du bi adingaberi sexu-abusuak egitegatik, Donostiako Apezpikutzak jakinarazi duenez.

Mendizabal Donostiako Elizbarrutiko bikarioa izan zen, 2016ko apirilean gertakari horiengatik kargutik kendu zuten arte.

Salatzaileen arabera, sexu-gehiegikeriak 2001 eta 2005 urteen bitartean pairatu zituzten, Mendizabal Donostiako San Bizente parrokian apaiza eta Xirimiri Gazte Taldeko arduraduna zenean.

2016ko martxoan erasoak salatzea erabaki zuten bi gazteek eta salaketa bana aurkeztu zuten, eliza barneko bideak erabilita, Donostiako Gotzainaren aurrean.

Elizak ikerketa bat jarri zuen abian eta Mendizabal erruduna zela ondorioztatu zuen. 2016ko apirilean, Donostiako Elizbarrutiko bikario eta Groseko San Inazio elizako parroko kargua uztera behartu zuten.

Mendizabalek "urte sabatikoa" hartu zuela zabaldu zen orduan. Egun moja komentu batean ematen du meza, eta, tarteka, baita Groseko elizan ere.

Elizbarrutiak auzia bide zibiletik salatzeko gomendioa egin zien bi gazteei, baina aukera hori baztertu zuten.

"Gurea kasu isolatu bat izan zitekeela pentsatuz, eta gauzak ahalik eta diskretuen eramateko asmoz, geure borondatez bide kanonikoa hautatu genuen", adierazi dute EiTBra igorritako ohar batean.

Alabaina, orain gertakariak publiko egiteko erabakia hartu dute, hirugarren kasu bat egon daitekeela jakin dutenean.

"Gertatutakoaren berri emateko garaia iritsi dela iruditu zaigu, egi erdiak ez esateko eta, batez ere, ezkutuan dauden biktima posibleak argitara atera daitezen", azpimarratu dute.

Amaitzeko, bi biktimek argi utzi nahi izan dute Gotzaingoak eta Elizak emandako tratua hasieratik "egokia" izan dela, eta euren "intimitatearekiko errespetua" eskatu dute.

Donostiako Elizbarrutiak barkamena eskatu du

Bestalde, kaltetuek auzia publiko egingo zutela jakinda, Donostiako Elizbarrutiak agiri bat zabaldu du, gertatukoaren xehetasunak emateko.

Salaketaren berri izan ostean, horrelako kasuak ikertzeko "protokolo kanonikoa" jarri zuen abian Donostiako Elizbarrutiak.

"Fedearen Doktrinarako Erromako Kongregazioarekin harreman estuan eta kasu hauetarako elizak eratua duen lege-protokoloa zehatz jarraituz, Donostiako Elizbarrutiak beharrezko baldintza juridiko material eta auzibidezkoak eratu zituen, alderdikeriarik gabe eta zuzentasunez salatutako egintzen egiazkotasuna frogatu ahal izateko, biktimen eta salatutako apaizaren eskubideak behar bezala babesteko eta inplikatutako aldeen osotasuna eta izen ona babesteko", dio oharrak.

Salaketa benetakoa zela egiaztatuta, Mendizabal erruduntzat jo eta Zuzenbide Kanonikoaren arabera zigortu egin zuten. Apaizaren kontra neurri administratiboak eta diziplinarrak ere hartu zituztela erantsi du.

Mendizabal "damututa" dagoela azpimarratu eta une honetan "prozesu terapeutiko eta psikologiko espirituala" egiten ari dela jakinarazi du Donostiako Elizbarrutiak.

Horrez gain, Elizbarrutiak gertatutako guztiagatik "mina eta lotsa" erakutsi ditu eta "guztiei barkamena" eskatu die. Ildo berean, bere konpromisoa azaltzen du, "ahal den neurrian horrelako egintzarik gehiago gerta ez dadin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia argazkiak Gipuzkoako albisteak Delituak bideoak Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea Umeak azken ordukoa Erlijioa albisteak gaur Vatikanoko azken ordukoa Eraso sexualak gaur Eliza Katolikoa eta abusuak