Gizartea -

Bizkaia

Kartzelan sartu dute Sopelan edukiontziak erre dituen gizona

Azken hamar egunotan hiru aldiz atxilotu dute, hainbatetan edukiontziak erretzea leporatuta. Sopelako Udalaren arabera, 36.000 euro baino gehiagoko kalteak eragin ditu.

Sopelan erretako edukiontzi bat. Argazkia: EiTB
Sopelan erretako edukiontzi bat. Argazkia: EiTB
Sopelan erretako edukiontzi bat. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sopelan (Bizkaia), hainbatetan edukiontziak erretzea leporatuta atxilotutako gizona Basauriko espetxean kartzelaratzeko agindua eman du asteazken honetan Getxoko Epaitegiko titularrak. Astearte gauean Sopelako Udaltzaingoko agenteek berriro atxilotu zuten 48 urteko bizilaguna, edukiontzi bat erre eta, bigarren edukiontzi bati sua emateko prest zegoenenean. Azken hamar egunotan hirutan atxilotu dute Ertzaintzak eta Udaltzaingoak.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, asteartean hirugarrenez atxilotu zuten, azken hamar egunotan hamahiru edukiontzi erre ostean. Sute horiek kalte ugari eragin dituzte, edukiontzietan ez ezik, ibilgailuetan eta etxebizitzetan ere.

21:30ak aldera, zenbait herritarrek Zabalbide eta Enrique Urrutikoetxea kaleen elkargunean hainbat edukiontzi erretzen ari zirela ohartarazi zuten. Ertzainek sutea itzultzen zuten bitartean, udaltzainek inguruko kaleetan beste suteren bat piztu zuten egiaztatzera abiatu ziren. Une horretan, pizgailu batekin beste edukiontzi bati sua emateko prest zegoen piromanoarekin egin zuten topo. Agenteek sua piztea eragotzi, eta atxilotu zuten.

36.452 euroko kalteak

Sopelako Udalak jakinarazi duenez, edukiontzietan suteak eragiteagatik behin eta berriz atxilotua eta ikertua izan den bizilagunak 36.452 euroko kalteak sortu ditu azken urtean.

Zehazki, asteartean eragindako kalteak 1.452 euroan balioztatu dira, eta 2016 eta 2017 bitartean eragindakoak 35.000 euroan, Sopelako Udalak ziurtatu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sopela bideoak Azken ordukoa Bizkaia EAE albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak