Gizartea -

Tarifikazio bereziko zenbakia

Telefono bidezko iruzurrak egiten ari direla ohartarazi du Ertzaintzak

Gaizkileek zor bat dutela jakinarazten diete biktimei, eta 807 zenbakiarekin hasten den tarifikazio bereziko telefono-zenbaki batera bideratzen dituzte.

Agentziak 1 Erredakzia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak gaur ohartarazi duenez, telefono bidezko iruzur-saioak egiten ari direla antzeman dute. Itxura denez, gaizkileek balizko biktimari telefonoz hots egiten diote, eta hura kitatzeko tarifikazio berezia duen 807 zenbakiz hasten den telefono-zenbaki batera bideratzen dituzte.

Azken egunetan, Ertzaintzak mota horretako iruzur-saiakeren inguruko bi salaketa jaso ditu Eibarko eta Oriako (Tolosa) Ertzain-etxeetan. Edonola ere, iruzurra ez da gauzatu, ez kasu batean, ez bestean.

Iruzurraren egileen prozeduraren nondik norakoa honako hau da: tarifikazio arrunteko telefono mugikor batetik dei galdu bat egiten diote, modu automatizatuan, hartzaile ezezagun bati. Biktimak deia itzultzen duenean, grabazio baten bidez jakinarazten zaio 200 euro inguruko kargua egingo zaiola bidaliko zaion pakete baten ordainetan.

Mezuak gaineratzen du gastu hori ezeztatzeko 807 aurrezenbakiarekin hasten den telefono batera deitu beharko duela. Zenbaki hori tarifikazio bereziko zenbaki bat da, minutuko 1,20 euroko kostua duena. Hortxe, hain zuzen ere, lor dezakete iruzurgileek etekina.

Ertzaintzak jakitera eman duenez, aipatu bi salaketa horiez gain, berriki hainbat dei jaso du mota horretako iruzurrezko saioez ohartarazteko.

Dei horiei ez erantzutea gomendatzen du Ertzaintzak, eta, biktima izanez gero, salaketa jartzea. Era berean, pertsona edo erakunde ezezagunek tarifikazio bereziko zenbakietara igortzen gaituztenean ez fidatzea azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Eibar albisteak Tolosa azken orduko albisteak Iruzurrak albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak