Gizartea -

Polizia operazioa

Zuloa eginda lapurretak egiten zituen talde bat desegin dute Gipuzkoan

Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu, eta horietako bat kartzelara bidali du epaileak.

Argazkia: Ertzaintza
Argazkia: Ertzaintza
Argazkia: Ertzaintza

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak saltoki handietan zulo handi bat eginda lapurretak egiten zituen talde bat desegin du Gipuzkoan, eta 28 eta 34 urteko bi pertsona atxilotu ditu taldeko kide direlakoan. Bi atxilotu horietako bat kartzelara bidali du epaileak eta bigarrena, berriz, karguekin aske gelditu da.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, hainbat ertzain etxek parte hartu dute taldearen jarraipen eta zaintza lanetan. Ertzaintzak zabaldutako informazioaren arabera, Gabonetako kanpaina bete-betean, supermerkatu batean beste lapurreta bat prestatzen ari zirenean desegin dute taldea.

Ertzaintzak bi pertsona atxilotu zituen abenduaren 27an Arrasaten eta Deban, eta ondoren horien etxebizitzatan egindako miaketatan lapurretak egiteko tresnak eta zaintza lanetarako goi-teknologiako gailuak aurkitu zituzten, hala nola, mikrokamerak edo eremu-neurgailuak, seinaleak aztertzeko eta establezimenduetako segurtasun-gailuak manipulatzeko.

Antza denez, azken lapurreta Oiartzungo saltoki batean egin zuten abenduaren 11n.

Lapurreta horren ondoren, Gernika-Lumoko eta Ordiziako saltoki banatan beste bi lapurreta saiakera egin zituztenaren frogak aurkitu zituzten. Ertzainek zuloak aurkitu zituzten teilatuan eta saiakera horiek bertan behera geratu ei ziren polizia-patruilen presentzia prebentiboari esker.

Egindako ikerketei esker, taldeko horretako ustezko bi kide identifikatu eta atxilotu zituzten. Bi atxilotuek aurrekariak dituzte eta, epailearen aurretik igaro ostean, horietako bat kartzelan sartu dute eta bigarrena, berriz, aske gelditu da karguekin.

Ikerketak zabalik jarraitzen du, atxilotuek egin ahal izan dituzten beste lapurreta batzuk argitzeko eta taldeko balizko beste kideak identifikatzeko eta aurkitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gipuzkoa Delituak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Lapurretak Hipermerkatuei buruzko albisteak