Gizartea -

Bilbo

Rita, autismoa duen ume bati lagunduko dion lehen txakurra Euskadin

Helburu nagusia hiru urteko neskatoaren bizi-kalitatea hobetzea da. Elkar ikusi zuten lehenengo momentutik harreman estua izan dute Ritak eta Saioak.

Rita eta Saioa elkarrekin paseatzen, Donostian. Argazkia: EFE
Rita eta Saioa elkarrekin paseatzen, Donostian. Argazkia: EFE
Rita eta Saioa elkarrekin paseatzen, Donostian. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rita, oztopoak gainditzen laguntzeko prest dagoen txakurra, Saioa Garridoren lagunik onena bihurtu da. Saioari, autismoa diagnostikatu zioten txikia zenean. Arrazoi horregatik, Ritak bere egunerokoan lagunduko dio, bere bizi-kalitatea hobetzen saiatzeko.

Ostegun honetan, Saioak eta Ritak agerraldia egin dute Donostiako Aquariumean. Bilbon bizi den hiru urteko neskato alaia kameren aurrean lasai agertu bada ere, Rita urdurixeago zegoen, inguruan hainbeste arrain ikusita.

Rita, autismoa duen ume bati lagunduko dion lehen txakurra da Euskadin. Saioari bere egunerokoan laguntzeko prest dago, eta Inga Aguirreamalloa neskatoaren amak azaldu duenez, familiako beste kide bat bihurtu da jada.

Saioaren amak azaldu duenez, “umeari bizi-kalitatea hobetzen lagunduko dio” eta kalera irteten direnean lasaiago ibiliko direla ziurtatu du, Saioak zaindari bat izango duelako ondoan. Hala, Saioa noizbait haserretuko balitz lasaitzen lagunduko diola gaineratu du.

Oraindik, Saioa ez da guztiz ohartu Rita bere ondoan dabilela beti, eta bien arteko harremana erabatekoa izan arte urtebete igaro daitekeela azaldu du Aguirreamalloak. Hala, Ritarekin gehien gozatzen duena Saioaren ahizpa (Iraia) dela esan du Ingak.

Kalera irteten diren bakoitzean, Ritak asko laguntzen duela ohartu dira. Orain, Saioa inoiz baino hobeto dabil, eta lehen ez bezala, ibiltzen jarraitzeko prest agertzen da.

Rita eta Saioa elkarrekin paseatzen, Donostian. Argazkia: EFE

Abenduaren 22an Rita Bilbora eraman zuten, baina aldez aurretik, familia guztia Madrilera joan zen (Bocalan elkarteak duen egoitzara) txakurra ezagutu ahal izateko. Saioari laguntzeko prest badago ere, beste txakur baten moduan zaindu behar dute.

Pilar Bustos Bocalan elkarteko arduradunak azaldu duenez, Saioa eta Rita elkar ikusi zuten lehenengo momentutik harreman estua izan dute. Gainera, neskatoa txakurraren gainean etzan zela nabarmendu du elkarte horretako arduradunak.

Autismoaren kasuan, adituek diote oso lagungarria dela ondoan maskota bat izatea, beraien bizi-kalitatea hobetzen laguntzen dutelako, gogora ekarri du Bocalan elkarteko arduradunak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaiko albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaixotasunak albisteak Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa Osasunari buruzko albisteak Umeak Desgaitasuna Animaliak albisteak