Gizartea -

Nafarroa

Gizon batek besoa hautsi dio emakume bati Lizarran, gogor bultzatuta

Biktima bere bikotekidearen eta atxilotuaren arteko eztabaida batean sartu zen, eta ustezko erasotzaileak bultzatu egin zuen.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lizarrako Foruzaingoaren agenteek bertako 30 urteko bizilagun bat (J.L.S.M.I.) atxilotu zuten atzo, osteguna, lesio delitu bat egin izana egotzita.

Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez zabaldu duenez, gertakariak egun batzuk lehenago jazo ziren, bikote bat herriko aisialdirako lokal batetik irtendakoan. Biktimaren arabera, bere bikotekidea eta beste gizonezko bat, alkoholdun edariak edan eta gero, elkarrekin eztabaidatzen hasi ziren tabernaren kanpoaldean, eta, tentsioa baretzen saiatu zenean, bultzada gogor bat eman zioten, eta lurrera erori zen.

Ondoren, erasotzaileak alde egin zuen, eta bikotea osasun etxera joan zen. Erradioa hautsita zuela esan zioten bertan medikuek. Lesioen txostena hartuta, Lizarrako Polizia-etxera jo zuten salaketa aurkeztera, eta ustezko erasotzailearen deskripzioa jaso zuten bertan.

Salaketa horren berri jasotakoan, agenteek susmagarria identifikatu eta topatu zuten, eta atxilotu egin zuten.

Hala, Lizarrako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2. Epaitegiak bere gain hartu du auzia.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Albisteak Nafarroa Gizartea bideoak Lizarra azken ordukoa