Gizartea -

Denboralea

Elur-mailak gora egingo du Euskal Herrian datozen orduotan

Herrerako eta Urduñako mendateetan, autoek kateak behar dituzte eta gainerakoetan arretaz gidatzea gomendatu du Segurtasun Sailak.

Horrela dago gaur Artesiagako mendatea (Nafarroa). Argazkia: Isidro Etxeberria
Artesiaga. Isidro Etxeberria
Elurra non-nahi Euskal Autonomia Erkidegoan

1:16

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elurra izango dugu asteburu osoan, Euskalmeten iragarpenaren arabera. Larunbat goiz honetan botako du baxuen, 300 metroan ere egin dezake eta. Hori dela eta, abisu horia ezarri du Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak astebururako.

Iragarpenaren arabera, egunak aurrera egin ahala, elur-maila jaisten joango da, eta 600-700 metroan bota dezake goizean, eta 500 metroan, gauean. Larunbatean, 400-500 metroan kokatuko da kota, eta 300era jaits liteke. Arratsaldean, berriz, gora egingo du, 600-700 metrora. Igande goizaldean, 500-700 metroan bota lezake, baina goizak aurrera egin ahala, gora egingo du eta 1.000 metroan kokatuko da arratsaldean.

Nafarroan, alerta laranja ezarri du Aemet Estatuko Meteorologia Agentziak larunbaterako. Elurteak espero dira erkidegoaren erdialdean eta isurialde atlantikoan, baita Pirinioetan ere. Elur-kota 400 eta 600 metro artean kokatuko da.

Euskadiko errepide-sare nagusia irekita dago, nahiz eta elurra ari duen, batez ere, Araban. Bestalde, A-8 autobidean ere abisua ezarri dute txingorragatik, Deba (Gipuzkoa) parean. Oraigoz ez da istripu larririk izan, Segurtasun Sailak baieztatu duenez. Bigarren mailako errepide-sarean, Herrerako eta Urduñako mendateetan autoek kateak behar dituzte. Ertzaintzak zuhurtzia eskatu du errepidean, baita abiadura mantsotzea ere egun osoan, elurra, txingorra eta euria egingo duelako.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak Neguko Bidezaintza Plana jarri zuen martxan ostiralean, "eraginkortasun osoarekin". Elur-kota 700 metrotik behera denean jartzen dute indarrean plan hau, eta, iragarpenaren arabera, 500 metrora ere zuritu lezake egunotan.

 

 

Hain justu, asteburuko iragarpenari jarraiki, Arabako Foru Aldundiak bertan behera utzi ditu eskola kiroleko ekintzak. Bertan behera geratu dira eskola kiroleko garraioa, baita kirol jarduerak ere, estalitako instalazioetan egin eta parte-hartzaileetako inor beste herri batera joaterik eskatzen ez dutenak izak ezik.

Nafarroako Gobernuak, bestalde, "zuhurtzia" eskatu die herritarrei asteburuan espero den eguraldia dela eta. Hala, astebururako iragarritako joan-etorriak aurreratzeko edo atzeratzeko eskatu die, eta, nolanahi ere, garraio publikoa erabil dezatela.

Mendiguneetan, elurraz gozatzeko irteerak datorren astera atzeratzea gomendatu du, eta ibilgailu pribatua soilik ezinbestekoak diren bidaietarako erabiltzea. Kasu horietan, gainera, neguan gidatzeko ohiko gomendioei kasu egin beharko zaie: irten aurretik errepideen egoerari buruz informatzea eta hurrengo orduetarako iragarpenen berri izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Eguraldia Bilbao Gizartea bideoak Elurra argazkiak Albisteak