Gizartea -

Indarkeria matxista

Bi atxilotu Gasteizen eta Durangon, bikotekideei eraso egiteagatik

Durangoko Udalak “gaitzespena eta arbuioa” adierazi du. Halaber, elkarretaratzea deitu du ostegun honetarako.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteburu honetan bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen eta Durangon, genero indarkeria delitua leporatuta.

Gasteizko Udaltzaingoak ohar baten bidez jakinarazi duenez, ostiralean 38 urteko gizon bat atxilotu zuten Zaramaga auzoko taberna batean. Bere bikotekideari  eraso egin ostean, inguruan zegoen beste emakume bati mehatxu egin zion.

Erasotzaileak esku bat odolez zikinduta zuela ikusi zuten lekura hurbildu ziren udaltzainek, eta bi emakumeekin eztabaida izan zuela aitortu zien. Hala, bere burua defenditu behar izan zuela ziurtatu zuen. “Emakumeek ez didate jotzen”, esan zien udaltzainei.

Beste alde batetik, 29 urteko gizon bat atxilotu dute Durangon, 27 urteko bikotekideari eraso egitea leporatuta, Durangoko Udaltzaingoak zabaldu duenez.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, larunbatean atxilotu zuten gizonezkoa, lekuko batek gertatutakoaren berri eman ostean. Erasoa kalean jazo zen, eta emakumea ospitalean artatu behar izan zuten.

Durango Udalak “gaitzespena eta arbuioa” agertu du emakumearen kontrako indarkeria kasu honen aurrean, edota beste edozein motatako indarkeriaren aurrean.

Halaber, erasoa pairatu duen emakumeari, eta bere sendiari, babesa eman dio, eta Udalak dituen baliabide guztiak bere esku jarri ditu.

Azkenik, ostegun honetan Anda Mariren arkupean egingo duten elkarretaratzean parte hartzeko dei egin diete herritarrei.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian Zer gertatu da Bizkaian? Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea bideoak Indarkeria matxistaren biktimak Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz berriak Durango Gaurko azken ordukoa