Gizartea -

Luizia Bolua auzoan

Bergarako zortzi familiak etxetik kanpo jarraitzen dute

Udal teknikariek eta geologoek bilera egin dute mendi-hegalaren egoera aztertzeko, eta momentuz bizilagun guztiak ezingo dira beren etxeetara itzuli.

Uholdeak Bergaran. Argazkia: Antonio Rodriguez
Uholdeak Bergaran. Argazkia: Antonio Rodriguez
Bergarako 21 familietatik batzuk ezin izango dira etxera itzuli

1:39

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bergarako (Gipuzkoa) luiziagatik kaltetutako zortzi familia ezin izango dira etxean sartu, oraingoz. Bestalde, hamalau familia arratsalde honetan itzuli dira beraien etxebizitzetara.

Bergarako Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, kaltetutako familiei gaua pasatzeko tokia bilatu diete. Asteazken honetan, Gizarte Zerbitzuetako ordezkariak kaltetutako familiekin bilduko dira, bakoitzaren ezaugarriak aztertu eta irtenbide egokiena bilatzeko asmoz.

Suhiltzaileen laguntzarekin, beraien ondasunak biltzeko aukera izan dute gaur goizean, eta datozen egunotan  ere hala egingo dute, beharrezko gauzak hartzeko.

Udalak bergararrei dei egin die hutsik dituzten etxebizitzak kaltetutako bizilagunen esku utz ditzaten, “bizitzeko baldintzak betetzen badituzte”.

Itsasmendiko hegaleko luiziaren egoera aztertu ostean, 49 zenbakitik hasi eta 57 eskuinera bitarteko familiek euren etxeetara itzuli ahal zirela iragarri du Udalak. Bestalde, 57 ezkerra eta 59, 61 eta 63 etxebizitzetara ezingo direla oraindik sartu azaldu du.

“Argi dugu lehentasuna kaltetutako bizilagunei arreta ematea dela. Orain, inoiz baino gehiago, bergararrok solidaritatea erakutsi behar dugu eta horregatik, dei egiten diegu etxebizitza hutsak dituzten jabeei, etxe gabe gelditu direnei laguntzeko”, adierazi du Elena Lete alkateak.

Bizilagunen beharrak asetuta, luizia izan den gunearen egonkortze lanak iragarri ditu Udalak. “Azken orduotako euri-jasen ondorioz eroritako zuhaitzak, harriak eta lokatza  garbitzeko lanak martxan jarri dira jada”, gaineratu du.

“Bergarar guztien ongizatea da Udalaren helburua, eta horregatik, honelako hondamendirik berriro gerta ez dadin, Boluko maldaren azterketekin jarraituko dugu aurrerantzean”, esan du Bergarako alkateak.

16 etxebizitza jarri dituzte kaltetuen eskura

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Sailak 16 etxebizitza jarri ditu Bergarako luiziak kaltetutakoen eskura, baldin eta epe motzean beren etxeetara itzuli ezin badute.

Pedro Javier Jauregi Etexebizitza sailburuordeak egin dio eskaintza Elena Lete Bergarako alkateari.

Alokabide edo Bizigune programako 16 etxebizitza dira, eta horietako bi Bergaran kokatuta daude eta gainerakoak, berriz, Arrasaten edo inguruko herrietan.

Egindako lehen aurreikuspenen arabera, sei eta zortzi etxebizitza prestatu beharko dira. Alokabideko zuzendaritza dagoeneko lanean ari da etxeak atontzeko eta behin-behinean etxebizitza bat beharko duten familien premiak asetzeko.

Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, Bergaran eta inguruko herrietan erabiltzeko moduan dauden etxebizitza publikoen zerrenda du Jaurlaritzak, kaltetutako familien esku, "lehenbailehen eta berme guztiekin" uzteko prest.

Jaurlaritza Bergarako Udalarekin harremanetan dago "istripuaren eragina aztertu eta epe luzeagorako irtenbideak topatzeko".

Gipuzkoako Foru Aldundia ere Udalarekin harremanetan dago, kaltedunek Espainiako Gobernuari premiazko laguntzak eskatu behar izanez gero, horiek kudeatzen laguntzeko.

21 familia etxetik kanpo

Atzotik etxetik kanpo dauden Bergarako Bolua kaleko sei ataritako 30 bat auzokideak euren bizitokietara noiz itzuliko zain daude. Atzo arratsaldean luizia izan zen Itsasmendiko hegalean, eta, badaezpada, etxetik atera zituzten.

Senitartekoen etxeetan, Bergarako hoteletan eta nekazaritza turismoko etxeetan igaro dute gaua. Kaltedunek aitortu dutenez, "apur bat beldurtuta" daude, "noraezean".

Astearte honetan, egun argiz aztertu dute egoera teknikariek, Ondarroako Kamiñaldeko luiziaren ondorioak ikuskatu zituzten adituek. Udaletik baieztatu dutenez, ura bi ataritara sartu da, eta mendi-hegalaren egonkortasuna ere aztertu beharko dute.

Behaketa amaituta, bilera egin dute udaleko teknikari eta geologoek, eta horren ondoren erabakiko dute zer egin etxetik atera dituzten familiekin.

Mugimendu gehiagorik ez magalean

Bergarako Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, mendi-magala "egonkor" egon da gauean, eta "ez da mugimendu gehiago izan". Mendiaren goi partea aztertu behar dute teknikariek, baina edonola ere, mugimendurik eza "albiste ona" da.

Luizia astelehenean, 17:00etan, jazo zen, Bolua kalean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Alerta meteorologikoak albisteak Eguraldia Bergara Gaurko azken orduko albistea Higiezinen merkatua gaur Luiziak gaur Debagoiena eskualdea