Gizartea -

Turismoa

Donostia, 'European Best Destination 2017' titulurako hautagai

Boto gehien lortzen duen hiriak, titulua irabazteaz gain, nazioarteko hedabideetan oihartzuna izango du. Urtarrilaren 20tik otsailaren 10era bitartean bozkatu ahal izango da internet bidez.

Egunsentia Kontxako hondartzan. Artxiboko argazkia: EFE
Egunsentia Kontxako hondartzan. Artxiboko argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostia "European Best Destination 2017" titulurako hautagai izendatu dute Europako beste 19 hirirekin batera, Donostiako Turismo Bulegoak zabaldutako informazioaren arabera.

European Best Destinations (EBD) Europako erakunde independente entzutetsuak ematen du titulua, eta Europako kultura eta turismoa bultzatzea du helburu. Aipaturiko erakundeak urtarrilaren 20an emango ditu 20 hiri finalisten izenak. Botoa emateko epea urtarrilaren 20tik otsailaren 10era egongo da zabalik, Europe's Best Destinations webgunean. Boto gehien lortzen dituen hiria "European Best Destination 2017" izendatuko dute, eta oihartzun handia lortuko du nazioarteko komunikabideetan.

2015ean Bordele izan zen hiri irabazlea, eta 2016an, berriz, Zagreb. Iaz, 920 artikulu argitaratu ziren European Best Destinations lehiaketaren inguruan.

Bestalde, 2016an, Donostia Europako hiri erromantikorik hoberenen artean bozkatu zuten, eta Kontxako hondartza Europako hondartza onenen artean nabarmendu zuten, European Best Destinationsen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Turismoa Euskadi berriak Gizartea Eguneko albisteak