Gizartea -

Indarkeria matxista

Burlatan hildako emakumea bilatzeko lanei ekin diete berriro

Litekeena da gaur urpekariak uretan sartu ahal izatea, Maria Jose Beaumont kontseilariak adierazi duenez.

Arreko zubitik behera bota zuela esan zuen ustezko hiltzaileak. Argazkia: EFE
Blanca Marquesen gorpua aurkitzeko lanek aurrera darraite

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Burlatan, ustez, Francisco Javier Nieto Jimenez senarrak hildako Blanca Esther Marques emakumearen gorpua bilatzeko lanei ekin diete berriro gaur goizean Arreko zubiaren inguruan. Maria Jose Beaumont Nafarroako Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak adierazi duenez, litekeena da gaur urpekariak uretan sartu eta hondora jaitsi ahal izatea.

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurara sartu aurretik hedabideen aurrean egindako adierazpenen arabera, gorpua bilatzeko lanetan ez da aparteko berritasunik izan. "Atzo egun osoan, 18:30 arte, aritu ziren txalupa batekin, eta ez zuten ezer aurkitu", esan du. Halaber, bilaketa Arre inguruan egin zutela eta helikopteroa Landabeneraino joan zela zehaztu du.

Beaumonten esanetan, goizean uretako erreskate taldeko suhiltzaileak Cordovillan elkartu dira, bilaketa lanei ekiteko. "Aurreikuspenen arabera, ibaiaren ur-emaria jaitsi egingo da, eta, beraz, urpean igeri egin eta ibaiaren hondora jaitsi ahalko da". Ustez hiltzaileak emakumearen gorpua ibaira bota zuen ingurua arakatuko dutela gaineratu du.

Atzo eguerdian WhatsApp bidez emakumearen gorpua aurkitu zutela zabaldu bazen ere, Beaumontek gezurtatu egin du informazio hori.

Nafarroako Gobernua herri akusazio gisa aurkeztuko da Burlatako hilketaren auzian, eta Nafarroako Parlamentuak erabakia datorren asteko osoko bilkuran hartuko duela nabarmendu du Beaumontek.

--------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Nafarroa Gizartea Burlata albisteak Eguneko albisteak