Gizartea -

Diskoteka batean

Gazte bat atxilotu dute Bilbon, gizonezko bat konorte gabe uzteagatik

Erasotzaileak ukabilkada bat eman eta masailezurra hautsi zion biktimari, ustez ukabil amerikar bat erabilita.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 23 urteko gazte bat atxilotu zuen atzo Bilbon, abenduan Bizkaiko hiriburuko diskoteka batean gizonezko batek jasan zuen erasoaren egilea delakoan. Ustezko erasotzaileak masailezurra hautsi zion biktimari, ukabilkada bat emanez, eta konorterik gabe utzi zuen biktima.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, biktimak bederatzi egun eman zituen ospitalean, ebakuntza egin behar izan baitzioten masailezurrean izandako hausturen ondorioz.

Medikuen txostenaren arabera, biktimak zituen lesioen larritasuna ez zetorren bat ukabilkada batekin, eta, hartara, erasotzaileak ukabil amerikar bat edo metalezko beste tresnaren bat erabili ote zuen ikertzen ari da Ertzaintza.

Biktimaren esanetan, gainera, erasotzaileak kolpeak emateari utzi zionean, galtzetako poltsikoetan eskua sartu eta diru-zorroa eta telefono mugikorra lapurtu zizkion.

Atxilotuak ez du polizia-aurrekaririk, eta hurrengo orduetan eramango dute epailearen aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Delituak azken ordukoa Gizartea bideoak Eguneko albisteak