Gizartea -

2012tik, geldituta

CSN, Garoña berriz zabaltzearen alde

Asteazkenean ekingo dio Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak txosten teknikoa aztertzeari, baina zenbait hedabidek aurreratu dute zabaltzearen aldekoa izango dela.

Zentrala 2012ko abendutik dago itxita. EiTB
Garoñako zentrala. EiTB
Garoña irekitzetik gertuago dago

1:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segurtasun Nuklearreko Kontseilua (gazteleraz, CSN) Garoñako zentral nuklearra berriz zabaltzearen alde dago, irekitzeko hainbat baldintza tekniko eta inbertsio galdegingo dituen arren. Albistea hainbat hedabidek aurreratu dute, baina, ofizialki bederen, erabakia ez du hartu oraindik erakundeak. Bihar, asteazkenarekin, du batzarra Kontseiluak, eta erabakia aste batzuk barru ezagut daiteke.

Garoña 2012ko abenduan gelditu zuen Nuclenorrek (erdibana dute Ibedrolak eta Endesak), baina 2014an berriz zabaltzeko eskaera egin zuen.

Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak osoko bilkura du asteazken honetan. Kontseiluko kideek Garoñaren ustiapen lizentzia berritzearen inguruko txosten teknikoa izango dute eztabaidagai. "Erabakia ez da erraza, eta hainbat astez luza daiteke", aitortu dute CSNko iturriek.

CSN Estatuko segurtasun nuklearreko eta babes erradiologikoko arduradun gorena da. Hari dagokio Garoñaren inguruko txosten teknikoa idaztea.

Txostena halabeharrez egin behar du CSNk, eta erabakia loteslea da. Kontrakoa balitz, zentrala itxi beharko lukete. Aldekoa balitz, bidea errazago edukiko luke Nuclenorrek, azken hitza Espainiako Industria Ministerioarena eta Ministroen Kontseiluarena bada ere.

Hainbat hedabideren arabera, aldeko txostena emango du CSNk, baina Nuclenorrek hobekuntza ugari egin beharko lituzke. Hori horrela, aldeko txostena izanda ere, enpresak zabaltzeari uko egin ahalko lioke.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iberdrola albisteak Gizartea Gaurko azken orduko albistea Garoñako zentral nuklearra