Gizartea -

Sutea

Hildako bat eta hiru zauritu, Andoainen izandako sute batean

05:20 aldera gertatu da, bertan behera utzitako bi solairuko eraikin batean. Zenbait pertsona lo egiten ari ziren barruan. Lehen ikerketen arabera, nahita piztutako sutea izan daiteke.

Lagun bat hil da Andoainen, hutsik zegoen pabiloi bateko sutean

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

55 urte inguruko gizonezko bat hil da eta beste hiru zauritu dira Andoainen, bertan behera utzitako eraikin batean gertatu den sute baten ondorioz. Zaurituetako batek erredura larriak egin ditu, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Lehen ikerketen arabera, nahita piztutako sutea izan daiteke.

Sutea 05:20 inguruan piztu da, Ama Kandida etorbideko bi solairuko eraikin batean. Sua hasi denean, hainbat pertsona zeuden lotan abandonatuta omen dagoen eraikin horren barruan.

Suhiltzaileek hiru pertsona erreskatatu dituzte hasiera batean. Horietako batek —47 urteko gizonezkoa— erredura larriak zituen, eta Gurutzetako Ospitalera eraman dute. Gainerako biak, 40 eta 46 urteko gizonezkoak, Donostia Ospitalean artatu dituzte, kea arnastu baitute.

Gurutzetako Ospitaleak jakinarazi duenez, gizonezkoak hirugarren graduko erredurak ditu gorputzaren % 45ean, eta larri dago. Antza, bizkarrean, bi hankatan, besoan eta eskuan ditu erredurak.

Suhiltzaileek 07:40rako itzali dute sua, eta pertsona baten hilotza aurkitu dute ondoren, 09:00ak jota zirenean.

Gainera, sutea piztu den unean beste bost pertsona zeuden barruan, baina onik atera dira bertatik.

Ane Karrere Andoiango alkatearen esanetan, 54 edo 55 urte ditu hildakoak, eta denbora asko zeraman herrian bizitzen. Itxura batean, sua nahita piztutakoa izan dela eta Ertzaintzak ikerketa abiatu duela gaineratu du. Karrereren arabera, hildakoa, hiru zaurituak eta onik atera diren bost pertsonak Andoainen erroldatuta daude, eta Udalak bazekien pabiloi horretan bizi direla.

Udala lotarako leku bat bilatzen ari da aterperik gabe gelditu direnentzat. Suhiltzaileek baimena ematen dutenean, kaltetuak pabiloi barrura sartu ahal izango dira beren gauzak jasotzera. Halaber, Udala Caritasekin harremanetan jarri da kaltetuei arropa emateko.

Bestalde, Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatuaren hitzetan, Gizarte Larrialdietarako Foru Zerbitzua lanean ari da kaltetuei behin-behinean ostatua emateko, eta Diputazioak Andoaingo Udalari laguntza eskaini diola gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Suteak Gizartea bideoak Andoain Gaurko azken ordukoa