Gizartea -

Beheranzko joera

Delituen kopurua % 3,17 jaitsi da EAEn 2016an

Sexu-erasoen kopuruak ia % 10 egin du behera. Delituek behera egin dute lurralde historiko zein hiri nagusi guztietan, Bilbon izan ezik, bertan % 5 igo baitira.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Delituen kopurua % 3,17 jaitsi da EAEn 2016an, 2015eko datuen aldean, azken urteotako beheranzko joera egonkortuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duenez.

2013an, mila biztanleko arau-hausteen tasa 40,53koa zen, eta gaur egun 37,15ekoa da, ia hiru puntu eta erdi txikiagoa. Aurten, delitu tipologia gehienetan gertatu da beherakada, batez ere gizarte-alarma gehien sortzen dutenetan: gizahilketetan, sexu-erasoetan, etxebizitzetako lapurretetan... Ertzaintzak justiziaren esku utzitako delitugileen kopurua % 12,94 hazi da 2016an.

Arau-hauste penalak nabarmen jaitsi dira 2016an Euskal Autonomia Erkidegoan. 83.996 izan ziren 2015ean, eta 81.335, 2016an. Delitu-tasa ere jaitsi da: mila biztanleko 38,37 arau-hauste izatetik 37,15 izatera igaro da.

Beherakaden kapitulua deliturik larrienekin zabaltzen da, gizahilketa kopuruarekin. 11 izan ziren 2015ean, eta 6, 2016an. Sei kasu horiek, gainera, dagoeneko argitu ditu Ertzaintzak, eta delitu horien ustezko egileak justiziaren esku utzi ditu.

Lesioak ere jaitsi dira (% 0,52), eta horien barruan bereziki jaitsi dira familia barruko tratu txarrak (% 5,84). Torturarekin eta osatunaren kontrako delituekin lotzen diren arau-hausteen arloan (% 4,45), batez ere familia barruko ohiko tratu txarrek egin dute behera (% 4,38).

Sexu-askatasunaren kontrako arau-hausteetan ere, nabarmena izan da beherakada (% 4,03), arau-hausterik larrienetan, hots, sexu-eraso gisa tipifikatuta daudenetan (% 9,29), bereziki.

Delituen artean, hauek egin dute gora: ebasketak (% 2,76), alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzea (% 4,78), ibilgailuen lapurretak (% 11,53) eta iruzurrak (% 6,32), batez ere Internet bidez egindakoak. Dena dela, kasu horietan guztietan goranzko bilakaera moteltzen hasi da azken hilabete hauetan.

Delituen zenbaketa lurraldeka

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, delinkuentziak behera egin du guztietan: Araban (% 5,39), Bizkaian (% 1,18) eta Gipuzkoan (% 6,20).

Antzeko joera jaso da hirigune nagusietan ere: Gasteizen (% 7,25), Donostian (% 5,33), Barakaldon (% 4,45), Getxon (% 13,83) eta Irunen (% 0,61). Bilbon, berriz, % 5,02 ugaritu dira delituak, lapurreten ondorioz, gehienbat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Donostia argazkiak Ertzaintza Getxo bideoak Bizkaiko albisteak Gipuzkoako albisteak Araba Barakaldo EAE albisteak Delituak Gasteiz berriak Irun