Gizartea -

Delitua

Youtuber bat salatu dute, Interneten etxegabe bat umiliatzeagatik

ReSet ezizenez ezaguna den youtuberrak hortzetako pasta sartu du gaileta batzuen barruan, eta kalean dagoen etxegabe bati eman dizkio.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bartzelonako Udaltzaingoak 19 urteko youtuber bat salatu du, etxegabe bati hogei euro eta hortzetako pasta barruan zuten gaileta batzuk emateagatik. Youtuber horrek milioi bat jarraitzaile inguru ditu, eta bideoa bere sare sozialen bidez zabaldu zuen.

Udaltzaingoak asteartean, urtarrilak 24, izan zuen bideo horren berri, eta youtuberrak etxegabea umiliatzen zuela ikusi ostean, gizonarengana jotzea erabaki zuten, gazteak delitu bat egin zuelakoan.

Bideo horretan ikus daitekeenez, ReSet ezizenez ezaguna den youtuberrak hortzetako pasta sartu zuen gaileta batzuen barruan, kalera irten zen, eta etxegabe bati eman zizkion. Hori guztia bideoz grabatzeaz gain, etxera bueltatu zenean, bere iritzia eman zuen, eta gaileta horiei esker gizonari “hortzak garbitzen” lagundu ziola esan zuen.

Youtuber horrek milioi bat jarraitzaile baino gehiago ditu, eta hilean hamar milioi bisita inguru izaten ditu. Dirua irabazten du YouTubera igotzen dituen bideoei esker.

Hala, udaltzainek etxegabea aurkitu zutenean, salaketa jartzeko aukera eman zioten, gazteak umiliatu egin zuela iritzita, eta egindakoa delitua izan daitekeelakoan.

Berarekin hitz egiten ari zirenean, sare sozialetan polemika handia sortu duen bideoaren egilea agertu zen, eta etxegabearekin gaua igarotzeko asmoa zuela azaldu zien agenteei. Etxegabeari barkamena eskatzeko, beste bideo bat grabatzeko asmoa zuela gaineratu zuen.

Zehazki, gizarte-bazterketa arriskuan dagoen pertsona horren ohorea ez errespetatzeagatik salatu dute 19 urteko youtuberra, eta gorroto delitu baten erantzulea izan daitekeela uste dute.

Bartzelonako Udalak akusazio modura aurkezteko asmoa iragarri, eta kasua epaitegietara eraman behar dela azpimarratu du.

Fiskaltzak, bere aldetik, kasua bere gain hartuko duela esan du, baina aurretik salaketa tramitera onartu behar dutela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Youtube gaur Sare sozialak Gizartea albisteak Eguneko albisteak