Gizartea -

Droga

Araban eta Nafarroan kokaina saltzen zuen sare bat desegin dute

Poliziak kilo bat kokaina atzeman du. Halaber, familia bereko 31 eta 56 urte bitarteko bi gizonezko eta hiru emakume atxilotu dituzte.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak Errioxan, Araban eta Nafarroan droga saltzen zuen sare bat desegin dute. Errioxan, Araban eta Nafarroan 800 kokaina dosi banatzen zituen, Poliziaren arabera.

Ohar bidez jakinarazi dutenez, kilo bat kokaina atzeman dute "Urrezko gizona" izeneko polizia operazioan. Gainera, familia bereko 31 eta 56 urte bitarteko bi gizonezko eta hiru emakume atxilotu dituzte, droga trafikoa eta armak bidegabe edukitzea leporatuta.

Jatorriz kolonbiarrak izan arren, Logroñon bizi ziren atxilotuak, eta "tele-coca" metodoaren bitartez kontsumitzaile eta trafikatzaile txikiei kokaina saltzea leporatzen die Poliziak.

Erosleak telefono dei edo mezu baten bidez jartzen ziren harremanetan taldeko buruarekin, eta prezioa adostutakoan, Errioxa, Araba edota Nafarroako tokiren batean egiten zuten hitzordua. Adostutako tokira heldutakoan, droga salerosketa di-da batean egin eta alde egiten zuten berehala, Poliziaren arabera.

Logroñoko etxebizitza batean egindako miaketan, purutasun handiko 1.194,9 gramo kokaina, 9 mm-ko pistola bat, kalibre bereko 56 jaurtigai, 1.750 euro, droga prestatzeko eta ontziratzeko hainbat tresna, hiru auto, furgoneta bat, markako 18 erloju eta dokumentu ugari atzeman dituzte. Atzemandako drogarekin 5.906 dosi egin zitezkeela uste du Poliziak, eta 119.000 euroko balioa izango omen luke merkatuan.

Epailearen aurretik igarotakoan, sareko ustezko burua, 31 urteko gizonezko bat, espetxera bidali dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan Araba Drogak Gizartea albisteak Gaurko azken orduko albistea