Gizartea -

Bizkaia

Adingabeei argazki intimoak eskatzeagatik atxilotu dute Basaurin

Txateatzeko aplikazio baten bidez, gizonak irudi sexualak eskatu zizkion neska bati, trukean dirua eskainita.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

43 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak Basaurin nerabeen argazki konprometituak lortzen saiatzeagatik. Telefono mugikorretarako txat-aplikazio bat erabilita, argazki intimoak eskatu zizkion adingabe bati, bereak zein lagun batenak, diruaren truke.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez, ikerketa abenduan abiatu zuen Ertzaintzak, gazte baten gurasoek salaketa jarri ostean. Bertan salatu zutenez, gizonezko bat beren alaba adingabearekin harremanetan jarri zen, txat-aplikazio baten bitartez, eta diruaren truke argazki intimoak bidaltzea eskatu zion, bereak eta lagun batenak.

Ertzaintzak egindako ikerketari esker, identifikatu egin zuten akusatua (43 urteko gizonezko bat). Asteazken arratsaldean atxilotu zuten Basaurin (Bizkaia), sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako ustezko delitu baten egilea delakoan.

Aholkuak: Nola saihestu 'grooming'a?

Delitu informatikoetan adituak diren Ertzaintzako agenteek sei urte baino gehiago daramate hitzaldiak ematen Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxeetan. Hitzaldi horien bitartez, ikasleei irakasten diete nola saihestu behar duten telefono mugikorren, interneten eta sare sozialen bidez egiten diren delituen biktima izatea, eta nola jardun behar duten biktima badira. Adingabeak engainatzea, beldurtzea eta jazartzea, grooming gisa ezagutzen dena, da adingabe batek sare sozialetan izan dezakeen arriskurik handienetako bat.

Horrelako delituen biktima izatea saihesteko, Ertzaintzak oinarrizko segurtasun-arau batzuk proposatzen ditu: arretaz ibili sare sozialen bidez ezezagunekin harremanetan jartzeko garaian, eta norberaren irudi intimoak edo eduki sexualekoak grabatu edo hedatzen badituzue; ez eman inori pasahitza, lagun handia dela uste badugu ere (pasahitza norberarena da, norberarena eta besterenezina); ez sartu pasahitzak jatorrizko zerbitzuarekin zerikusirik ez duten webguneetan; saihestu argazki konprometituak gordetzea edo trukatzea, ezta bikotekidearekin edo lagun minekin ere, harremanak amai baitaitezke; erne ibili hurbileko pertsonek sarean jarrera aldatzen badute, gerta baitaiteke norbait haien kontuan sartu izana.

Adingabeen kasuan, gurasoei gomendatzen zaie euren seme-alaben sare horien bidezko komunikazioak ikuskatzea, eta Ertzaintzari ohartaraztea delitu-susmoren bat badute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauriko albisteak Gaurko azken orduko albistea