Gizartea -

Gertaera

Hiru atxilotu eta beste hainbat zauritu borroka batean, Donostian

Zaurituetako baten eta beste gizonezko baten artean izandako eztabaida baten ondoren sortu da liskarra.

agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak hiru gazte atxilotu ditu Donostian izandako borroka batean parte-hartzea leporatuta. Borroka horren ondorioz, hiru lagun zauritu ziren, horietako bi arma zuriz.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, egintzak larunbat goizaldeko 6:00ak aldera jazo ziren. Ordu horretan Ertzaintzak abisu bat jaso zuen, Ijentea kalean borroka bat gertatzen ari zela jakinarazteko, eta bertan hamar bat pertsona parte hartzen ari zirela.

Gertaeraren lekura hainbat patruila bertaratu ziren, eta ikusi ahal izan zuten gazte batek ebaki bat zuela bularrean eta beste batek hainbat makadura zituela.

Gazte horiek zein beste lekuko batzuek azaldu zutenaren arabera, zaurituetako baten eta beste gizonezko baten artean izandako eztabaida baten ondoren hasi zen liskarra. Horren aurrean, bataren zein bestearen kideak borrokatzeari ekin zioten.

Aldi berean, hirugarren gazte bat, aurreko zaurituen ezaguna, Sorospen Etxera joana zen, sorbaldan arma zauriz egindako erasoa jasan ostean. Azkenerako, hirurak Donostia ospitalera eraman zituzten, eta horietako batek bertan jarraitzen du ingresatuta.

Ustezko hiru egileak ihes egin zuten, baina Alderdi Ederreko lorategien inguruan aurkitu zituzten handik gutxira.

Biktimek emandako deskripzioekin bat zetozela egiaztatu ostean eta odol arrastoak zituztela ikusita, atxilotu egin zituzten.

Horrez gain, ertzainek ustez liskarrean erabilitako labana bat aurkitu zuten ingurumarietan, eta elkarren aurka borrokatu ziren bi taldeetako beste zenbait kide identifikatu zituzten.

Atxilotuak gaur goizean eraman dituzte epailearen aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Ertzaintza Eguneko albisteak