Gizartea -

Gertaera

Andoaingo sutearekin lotuta atxilotutakoak gaur deklaratuko du

Tolosako polizia-etxera joan zen, atzo, bere kabuz, eta han atxilotu zuen Ertzaintzak.

Andoaingo sutearen argazkia. EiTB
Andoaingo sutearen argazkia. EiTB
Andoaingo sutearen argazkia. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoainen joan den ostegunean izandako sutearekin lotuta atxilotutako 39 urteko gizonezkoak gaur deklaratuko du epailearen aurrean. Bere kabuz joan zen atzo polizia-etxera, eta bertan hartu zuten preso, sutearekin zerikusia izatea egotzita. Ostegunetik, haren bila zebilen Ertzaintza.

Sutearen ondorioz, eraikinean lo zegoen gizon bat hil eta beste hiru pertsona zauritu ziren. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, atxilotutako gizonezkoak eraikin horretan egin ohi zuen lo.

Ostegun goizaldean izan zen sutea, Andoaingo Ama Kandida etorbidean dagoen eraikin batean. Barruan lo zeuden hainbat pertsonak onik irtetea lortu zuten. Sugarrak itzali zituztenean, baina, gizon bat aurkitu zuten eraikinean, hilda. Bi lagun Donostiako Ospitalera eraman zituzten, zaurituta, eta beste bat Gurutzetako Ospitalera, erredura larriak baitzituen.

Bertan bizi ziren pertsonen lekukotasunak bildu eta gero, normalean han lo egiten zuen gizon bat falta zela ohartu ziren. Beraz, haren bila hasi ziren, sutearekin zerikusia izan zezakeelakoan. Atzo aurkeztu zuen bere burua polizia-etxean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Andoain argazkiak Eguneko albisteak