Gizartea -

Garoñako zentrala

CSNko presidentea kargutik kentzeko eskatu dute Arabako 17 udalerrik

Fernando Marti Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko presidentea 'partziala' dela salatu dute udalek, Garoña berriz zabaltzearen alde egin duelako.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako 17 udalerrik Fernando Marti Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko (CSN, gaztelerazko sigletan) presidentea kargutik kentzeko eskatu dute, Garoña zentral nuklearraren auziaren harira erakutsitako "alderdikeriagatik" eta "ilunkeriagatik". Izan ere, Burgosen dagoen zentral termikoa berriz zabaltzearen alde egin du Martik, eta hori, udalerrion arabera, ez da onargarria.

Agiria 17 udalek sinatu dute, biztanle gehien dituztenak (Laudio eta Amurrio) tartean. EH Bilduk aurkeztutako mozio bat da onartutakoa. Bertan, "Garoña berehala ixteko" eskatu diote Espainiako Gobernuari, berriro zabalduz gero, "Arabako herritarrak arrisku bizian" leudekeelako.

Zentrala ixteko behin betiko erabakia "politikoa da", eta, beraz, "alderdi gehienen, agente sozialen eta herritarren iritzia gailendu beharko litzateke", sinatzaileen iritzian.

Horrez gain, CSNko presidentea kargutik kentzeko eskatu dute. Horien aburuz, halako ardura duen batek "energia nuklearraren erabilerak herritarrentzat dituen arriskuez babestea izan beharko luke helburu, eta ez, bere jardunari eusteko hirugarren batzuei laguntzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio Albisteak Araba Laudio Gizartea bideoak Garoñako zentral nuklearra