Gizartea -

SUTEA

Zaldibiako mendi elkartearen borda kiskali da, Aralarren

Ertzaintzaren txosten ofizialaren zain, Oiduiko txabolako sua nahita piztutakoa izan daitekeela uste dute mendi elkartekoek.

Oidui borda, Aralarren. Argazkia: zaldibia.org
Oidui borda, Aralarren. Argazkia: zaldibia.org
Oidui borda, Aralarren. Argazkia: zaldibia.org

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aralarko Oidui borda erabat kiskali zen, atzo. Gailurrerantz Zaldibiako mendi elkarteak kudeatzen du txabola, eta inguruko mendizaleen artean toki oso ezaguna da.

Bordaren hormak zutik dauden arren, teilatua eta barruan zegoen guztia erabat kiskali zituen suak. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du, gertatutakoa argitzeko. Dena dela, mendi elkartekoek uste dute sua nahita piztu zutela.

Atzo batzarra egin zuten Zaldibian, Gailurrerantz elkarteak deituta, gertaerari buruzko informazioa emateko. Gaur goizean, hainbat herritar joan dira bordara, eta auzolanean berriro borda altxatuko dutela adierazi dute.

Aralar Bizirik eta Landarlan elkarteek agiria kaleratu dute

Aralar Bizirik eta Landarlan elkarteak atzo Oidui bordan gertatutakoa gaitzetsi dute. Zaldibiako Gailurreruntz Mendi Elkartearen babeslekua da txabola. Gaur argitaratutako oharrean azaldu dutenez, halako ekintzek dagoeneko eskualdean bizi duten tentsioa areagotu baino ez dute egiten. Aralarren pistak egiteko proiektuak iritzi kontrajarriak eragin ditu.

Gailurreruntz elkarteko zuzendaritza ez dago ados proiektu horrekin, Aralar parkeko ordenazioaren hainbat arau hausten dituela argudiatuta: "Aralar Bizirik eta Landarlan indarkeria eta gorrotoaren aurka daude, eta halako gertaerek tentsioa areagotu baino ez dute egiten", adierazi dute.

EHNE eta ENBA

Aralarko abeltzainak eta EHNE eta ENBA sindikatuek egintza basatitzat jo dute borda erre izana. "Irmoki" salatu dute gertatutakoa, eta elkartasuna erakutsi diote "Zaldibiako herriari" eta borda kudeatzen duen Gailurrerantz elkarteari.

Euren iritziz, sute horrek "zaldibiar guztiei egin die kalte"; izan ere, herri horretan "elkarteko eta Oiduiko erabiltzaileak diren era guztietako kideak daude".

EH Bildu

EH Bilduk Gipuzkoako Aldundiari eskatu dio gaur "behar diren baliabideak" martxan jar ditzala Aralarko parke naturalaren inguruan dagoen "tentsio handiko dinamikatik" ateratzeko, izan ere, zantzu guztiek diotenez, "sua nahita eragindakoa izan" da.

Horrez gain, "hausnarketarako eta adostasunak bilatzeko prozesu zabala sustatzea" eskatu dio "parkearen kudeaketa zuzena bermatzeko". Parkearen inguruan, artzainen bordetara helduko den pista bat eraikitzeko proiektua dago; zenbait talde ekologista horren aurka azaldu dira, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak zalantzak agertu ditu.

"Eraso hau, azken hilabeteetan bizi izan den krispazioarekin eta sektore batzuk izan dituzten jarrera okerrekin batera, ez dira bide egokiak Aralarko parke naturalak behar duen babesa bultzatzeko eta etorkizunerako irtenbideak bilatzeko". Horren aurrean, EH Bilduk "elkarrizketarako eta akordiorako deia egin du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak albisteak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Aralar mendilerroa Nafarroa Goierri eskualdea