Gizartea -

Zentral nuklearra

Garoña berriz irekitzeko lehen urratsa eman lezake gaur CSNk

Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak zentralaren inguruko txosten teknikoa onartuko omen du gaur, irekitzearen aldekoa. Azken erabakia, baina, politikoa da.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garoñako zentral nuklearra berriro irekitzeko lehen urratsa eman daiteke gaur. Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak (CSN, gaztelerazko sigletan) bere batzorde teknikoak Garoña berriz zabaltzeko aukeraren inguruan egindako txostenari oniritzia emango dio, eta txosten hori, ezusterik izan ezean, irekitzearen aldekoa izango da. Dena dela, Espainiako Gobernuarena da azken hitza.

Urtarrilaren 25ean ekin zion CSNk Nuclenor Garoñaren jabeak egindako eskakizuna aztertzeari, eta bi astez atzeratu du erabakia. Garoña 2012ko abenduan gelditu zuen Nuclenorrek (erdi bana dute Ibedrolak eta Endesak), baina 2014an berriz zabaltzeko eskaera egin zuen. Nuclenorren asmoa 60 urtez, 2031ra arte, martxan izatea da.

CSN Estatuko segurtasun nuklearreko eta babes erradiologikoko arduradun gorena da. Horri dagokio Garoñaren inguruko txosten teknikoa idaztea.

Txostena halabeharrez egin behar du CSNk, eta erabakia loteslea da. Kontrakoa balitz, zentrala itxi beharko lukete. Aldekoa balitz, bidea errazago edukiko luke Nuclenorrek, azken hitza Espainiako Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren Ministerioaren eta Ministroen Kontseiluarena bada ere.

Hainbat iturrik baieztatu dutenez, irekitzeko aldeko txostena babestuko du Kontseiluak, baina Nuclenorrek hobekuntza ugari egin beharko ditu.

Greenpeaceren arabera, teknikoki, zentrala gelditu zuteneko egoera berean dago. Nuclenorrek ez ditu bete Kontseiluak berak bere garaian eginiko segurtasun eskakizunak.

Alvaro Nadal Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren ministroak atzo esan zuenez, CSNren txostenaren zain daude, eta horren araberakoa izango da Espainiako Gobernuaren erabakia. "Energia nuklearraren alorrean, segurtasunak lehentasuna du", azpimarratu du.

Auziari buruz galdetuta, euskal erakundeek Garoña berriz zabaltzearen aurka "kontrako jarrera argia" dutela kontuan hartuko den itxaropena du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Gizartea albisteak Eguneko albisteak Garoña