Gizartea -

Kongresuari eskaria

Amiantoaren kaltedunentzako funtsa galdegin du berriz Legebiltzarrak

Aurreko legealdian ere tankerako eskaria egin zuen ganberak, baina Rajoyren Gobernuak eta Kongresuko Mahaiak errefusatu egin zuten.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amiantoaren biktimentzat konpentsazio funtsa sortzeko legea eskatu du gaur Eusko Legebiltzarrak. Eskaria Diputatuen Kongresuari egin dio, bigarrenez. Izan ere, aurreko legealdian amiantoaren kaltedunak erreparatzeko antzeko ekimena onartu zuen Gasteizko ganberak, baina izapidea errefusatu zuen Kongresuak.

Amiantoa kantzerigenoa da, eta urte luzez eraikuntzan erabili izan da (orain debekatuta dago). Substantzia toxiko honekin lan egin duten asko hil egin dira, gaixotasun larrien eraginez.

Aurreko legealdian porrot egin zuen Legebiltzarrak egindako eskariak. Kongresuan eztabaidatzeari uko egin zion Rajoyren Gobernuak, neurriak Estatuko Aurrekontu Orokorrei eragiten zielakoan.

Gobernuaren betoaz gain, Kongresuko Mahaiaren ezetza ere jaso zuen eskariak, eta ez ganberan zuten eztabaidatu ere egin.

Aurrekoan bezala, eskea aho batez onartu dute Eusko Legebiltzarreko taldeek. Bigarren honekin, baina, legeak aurrekontuetan duen eragina samurtu nahi izan dute, Espainiako Gobernuak erreparorik izan ez dezan.

Oraingoan ere exekutibo zentralak eta Kongresuko Mahaiak onartu behar dute proposamena.

1994 eta 2008 urteen artean, 3.943 pertsona hil ziren Estatuan amiantoarekin lotutako gaixotasunak zirela eta.

Jon Garcia ASVIAMIE Amiantoaren Biktimen Euskadiko Elkarteko kidea Legebiltzarrean izan da gaur. Gogorarazi duenez, Frantzian eta beste herrialde batzuetan badute konpentsazio funts automatiko bat. Garciaren iritzian, "lotsagarria" da alderdi batzuek duten jarrera, parlamentu autonomikoetan funtsaren alde jokatzen duten bitartean, Kongresuan "beste leku batera" begiratzen dutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Eusko Legebiltzarra argazkiak Espainiako Gobernua bideoak